Albisteak

[ERREPORTAJEA] Familia bat ginen

Laurogeita hamargarren minutua betea zegoen Gaizka Kortadiren golak poza piztu zuenean Zubiaurren. “Sekula ez da horrenbeste jende izan futbol zelai horretan”, dio Eneko bere anaiak. Hirugarren mailara igotzeko faseko azken partidua zen eta Zestoak partidua irabazi beharra zuen, igo nahi bazuen. Gola sartu zutenean, ogi barra batzuk airean atera ziren. Telefono mugikor bat ere agertu omen zen zelaian, “garaiko mugikor patata haietako bat” azaldu digu Aimar Ugartek. 2001eko ekainaren 20a zen, asteazkena, eta Zestoak partidua hiru eta bi irabazi zuen. Poza zen nagusi, baina izugarrizko tentsioa ere bai, guztiek ez zuten garbi zein zen egoera. “Gola sartu genuenean baloia hartu eta benga, benga, azkar atera! esaten hasi nintzen bina berdintzen ari ginelakoan”, azaldu digu barrez Josu Arruek. Hainbat gertakariz betetako denboraldi luze baten anekdota bat gehiago.

Aurrez espero gabeko igoera

Urte horretan entrenatzaile izan zen Jon Alberdiri galdetzen diogunean noiz ikusi zuten hirugarren mailara igotzeko aukerak zituztela, argitzen du denboraldia hasi zenean burutik pasa ere ez zitzaiela egin. Denboraldiaren zati handiena lehenengo postuan egin zutela, baina, benetan igotzeko aukerak zituztela konturatu zirenean “behera egin genuen, etxetik kanpoko azken partiduetan ez genuen bat bera ere irabazi”, oroitu du Txurrok. “Urte horretan gol asko sartuko genituela garbi nuen, Gorka Altunak 28 gol sartu zituen. Ez zen gure mailako pitxitxia izan gol bategatik. Berak ere ez zuen sinesten zenbat sartu zituen! Ez dut inoiz ikusi partidu ofizial batean jokalari batek penalti bat eskuinez sartzea eta bestea ezkerrez. Gorkak bakarrik egiten zuen hori. Partidu asko irabaziko genituela ere garbi nuen, baina, igoko ginela ez zitzaigun burutik pasa ere egiten”.

Denboraldia lehen postuan bukatu izan balute, zuzenean igoko ziren, baina, bigarren bukatu zutenez, igoera fasea jokatu behar izan zuten Sudupe eta San Ignacioren aurka. Lau partidu jokatuta aurrenak hirugarren mailara igotzeko aukera izango zuen. Baina bazen bete beharreko beste baldintza bat ere; “Gipuzkoako talde bat 2.B mailara ez bazen igotzen, gu ez ginen igoko eta aukera hori Sansek eman zigun”, azaltzen digute taldekideek.

Egunetako ospakizuna

Igoera faseko azken partidua irabazita bukatu zenean, ibaian sartu ziren jokalari guztiak garaipena ospatzera. Ondoren afari bat ere inprobisatu zuten, “niri ez galdetu nondik lortu zuten jatekoa, baina, Arroagoiko elkartean afaldu genuen”, gogoratzen du Jon Alberdik. “Asteazken bat izan zen eta goizeko orduak arte bertan musean eta kartetan jokatzen aritu ginen, zerbeza kaja bat aldamenean genuela. Jai zeukanak segi egiten zuen eta ez zeukanak, bere kontu”. Igotzeko ordea, igandean Sansek Fragari irabaztea behar zuten. Sanse azkar hasi zen irabazten eta horri esker Zestoatik Anoetara joan zirenen artean festa piztu zen. Beste behin. Sanse 2.B mailara igotzeak Zestoako lehen taldea hirugarren mailara igotzea ekarri zuen eta aldi berean Kastilla ere mailaz igotzea. Informazioa ez zen gaur egunean bezain azkar iristen, emaitzak ordu jakin batean ematen zituzten irratian. Donostiatik bueltan, Arroako peajean denak zain zituela gogoan du Alberdik. Kotxe karabana eta tabernetako txanpain botilak gutxi ez eta autografoak firmatu zituela ere esan digu bakarren batek. “Ni Azkoitian nengoen eta herrira etorri behar nuela esanez deitu zidaten”, gogoratzen du Eneko Kortadik. Igande horretan udaletxeko balkoira igo ziren taldeko partaideak.

Hirugarren festa eguna hurrengo ostiralean izan zen. Gipuzkoako futbol federazioko ordezkariak etorri ziren eta Realetik Zamora ere bai. Taldea berriz ere udaletxeko balkoira igo zen. Ez zen festa motza izan.

Talde izaera sendoa eta gertuko zaletuak

Zelai barruan lagun asko egiten ez zuen talde bat zela aipatu du Gorka Altuna Pistolok. Zigortuta zegoelako konbokatu gabe egonda ere zigorra jasota dagoela Aitor Irure Netzer gogoratu da norbaitek. Dirurik ez zen kobratzen hemen, baina tarteka aurkariek bai eta horren harira ere adar jotze bat baino gehiago egina da Netzer. Barrutik, “familia bat” zirela dio Gaizka Kortadik; “azpeitiarrak hartzen genituen taldean, baina ez edozein, langileak!”. Talde izaera hobeto azaltzeko Aitor Gogorza ekarri du gogora. Baserriko lanetatik etortzen zen zuzenean, abarkak jantzita tarteka eta kezkatuta behin baino gehiagotan, behia txahala izateko zegoela-eta “denok sufritzen genuen harekin batera!”. Gaizka Kortadik gogoan du Jon Lizaso Ipintza kapitainak termometro lanak nola egiten zituen, alegia, jokalariak aurrera eta atzera noiz eta nola egin erabakitzen zuela.

Familia giro horren barruan zaletuak ere sartzen dituzte. “Zaletuen papera goraipatu beharra dugu, asko laguntzen zuten”, diote Josu Arruek eta Eneko Kortadik. Futbola oso gustuko ez zutenak ere gerturatu egiten ziren Zubiaurrera. Jokalariek afari dexente egiten zituztela ere aitortu digute. “Bazenekien gauean zortzi, bederatzi… elkartu eta afaltzera joateko aukera izango zenuela”, dio Arruek. Normalean partiduak larunbatetan izaten ziren eta hor zalantzarik ez zegoen, afaria larunbatean eta partiduak igandean zirenean, afaria ostiraletan egiten zuten “eta igandean irabazi” diote barre algaraka. “Orduan, partidua galdu edo irabazi, Erdikalera azaldu eta jendeak txalo jotzen zigula gogoan dut” dio Eneko Kortadik.

Xabier Cestonaren lesio malapartatua

Momentu onak gehiago izan baziren ere, une txar bat ere izan zuten urte horretan. Xabier Cestonak lesio larria izan zuen. Martxoa ingurua edo zen eta jokaldi batean baloi baten bila zihoala kanpoko atezainak eta biek elkar jo eta lurrean gelditu zen haustura larri batekin. “Hogei minutu egon behar izan genuen anbulantziaren zain. Lauiturri aldeko atean zen, putzua egiten zen beti han, eta hor egon zen lurretik altxa ezinda gainean manta bat zuela”, gogoratu du Jon Alberdik. “Taldean ez zen jokalari asko, 15-16 bat ginen eta beti izaten zen zerbait eta askotan Kastillakoek, beheragoko talde kideek, gurekin jokatzen zuten; Aimar Ugarte, Iñigo Gerenabarrena, Iñaki Izeta Koiotek

Gertakari honen ondoan gainontzeko momentu txarrak txiki gelditzen dira, baina, larri ibili zireneko anekdotak asko dira: “Azkoitia aldetik etortzen ginen jokalariak auto bakar batean eta igoera faseko partidua jokatzera gentozela autobus batek matxura izan zuen herri sarreran eta izugarrizko auto ilara sortu zen. Partidura garaiz ezingo genuela iritsi uste genuen, bat-batean mutil bat agertu zen bizikletan, norbaitek bidali zuen futbol zelaitik eta atezaina behintzat harekin bidaliko genuela erabaki genuen. Besteok, partidua hasi baino ordu erdi lehenago iritsi ginen.

Zubiaurreren xarma

Zubiaurreko futbol zelaiko instalazioak ezin dira Iraetako zelaikoarekin alderatu, baina jokalariek oroitzapen politak dituzte. “Aurreneko denbora eta bigarrenaren artean alde handia zegoen” gogoratu du Gaizka Kortadik, “guk beti nahiago izaten genuen bigarrena taberna aldera izatea, ederragoa zen eta guretzat gola sartzeko ere giro horretan errazagoa”. Atsedenaldian, Lauiturrira joaten ziren beti. Eguraldi beroa zenean, aldagela haietan ezin zen sartu, “txapazkoa zen eta labe barruan bezala sentitzen zinen” diote jokalariek, “hotz egiten zuenean ere, jertsea jantzi eta hara joaten ginen, urari trago bat eman eta txarla teknikoa entzutera. Irabazten ari baginen alaiago eta galtzen ari baginen orro batzuk bota eta buelta”. Aldageletako dutxak ere ez dituzte ahaztuta, “azkar ez bazinen ibiltzen, ur hotzarekin dutxatu behar izaten zen”. Argirik gabe entrenatutako garaiak ere bizi izan zituzten, behin pankarta batekin atera zirela gogoratu dira kolpera!

Futbol-zelaiaren borondatezko mantenu lanak

Gogoan duten beste kontu bat, nahiz eta lurrezko zelaia izan, oso ondo prestatzen zietela. Askotan ikusten ez zen lan horren atzean, Esteban Lopetegi, Iñigo Gonzalez Gontxalo eta Jose Luis Aristi egoten ziren. “Auto zahar bat genuen eta atzean tabla moduko tramankulu bat lotzen genion eta hura pasata berdinduta gelditzen zen gainazala eta mangera ere pasatzen genuen lehorteetan eta gero karez marrak marrazten genituen”, gogoratzen du Aristik. Zubiaurrek bazuen beste berezitasun bat; ibai ondoan zegoela. Zelaitik kanpora joaten ziren baloi askok ibaian bukatzen zuten. Batzuetan nahita ere bai denbora galtzeko asmoz. Ibaiak ur gutxi zuenean baloiak berreskuratzea errazagoa zen, baina negu partean komeriak izaten zituzten. Lanak errazteko, kainabera luze batzuekin eta sare batekin salabardo moduko bat egin zuen Jose Luis Aristik baloiak arrantzatzeko. Mikasa zahar haietako bakoitzak “orduko milaka pezeta balio zuten eta hori diru asko zen Zestoa bezalako talde batentzat, lortzen zen baloiko hori gutxiago gastatzen zena! baloi asko behar izaten zen-eta”, azaltzen digu Zubimusuk.

Ernio sukaldeak zuten babesle. Entrenatzaile zenak gogoan du oraindik sukaldea doan jarriko ziola agindu izana. Joan Luis Lasa Otxakaren kontura egindako otorduak ere ez dituzte ahazteko. Ezta Bittor Corleonek partidua hasterakoan ematen zizkien bizkarrekoak eta masajista funtzio lanak ere.

Hirugarren mailan zer?

Zubiaurrek ez zituenez bertan jokatzeko baldintzak betetzen, beste zelai bat bilatu behar izan zen. Hasiera batean Zumaian jokatzeko asmoa zegoen, baina, azkenean Realak Zubietan larunbatetan doan jokatzeko aukera eman zuen eta hirugarren mailako urtea bertan egin zuen. Ilunbeko parranda giroa, garai onenean eta sagardotegiak deskubritu zituzten gure mutilek. Nahiz eta etxetik kanpo jokatu behar izan zuten, zaletuen babes gutxiagorekin, baina ez zuten urte txarra egin. Denboraldi erdian maila mantentzeko aukera zutela zirudien, baina azkenean, hemeretzigarren postuan bukatu zuten hogeita hemezortzitik, hamar partidu irabazi eta sei berdindu ostean, 36 punturekin. Datu modura, azkena bukatu zuen Anaitasunak baino 24 puntu gehiago lortu zituzten. Maila mantendu zuen lehen taldeak 46 puntu lortu zituen, baina urte horretan goragoko mailetan zeuden euskal talde ugari jaitsi egin zen eta horrek ere eragina izan zuen hirugarren mailan. Ohorez agur esan behar izan zioen hirugarren mailari.

Urko Canseco




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide