Etxebizitzarekin negoziorik ez
— 2024-11-29Aitor Azpiazu Etxebizitza Sindikatuko militanteak idatzitako artikulua da honakoa.
Etxebizitza bateko metro karratua 2.136€ Azpeitian, 1.939€ Azkoitian eta 2.485€ Zestoan, azken 10 urtetan 10.000 etxegabetzetik gora Hego Euskal Herrian, 25.450 etxe huts eta 906 etxegabe EAE-n, soldataren %40 hipoteka ordaintzera bideratu beharra eta abar luze bat. Horiek dira etxebizitzarekin lotuta dauden arazoetako adibide gutxi batzuk eta errealitatea ez da askok diotena bezain ideala.
Burgesiaren irabazi tasak mantentzeko, gizarteko esparru guztietan berregituraketak gauzatu behar dira eta etxebizitzaren alorra ez da salbuespena. Jabe handiak eta errentariak ahaleginak egiten ari dira prezioak igotzeko eta jabetzak metatzen jarraitzeko. Honela, geroz eta ohikoagoak bihurtu dira etxegabetzeak, etxebizitza bat eskuratzeko ezintasuna, emantzipatzeko adinaren goranzko joera, etxebizitzen kalitatearen kaskartzea… Arazo hauen aurrean, instituzioak ez dira gai langile klasearen eskubideak bermatzeko, eta gainera, joera horiek guztiak instituzionalizatu eta legeztatzen dituzte.
Gure eskualdea ez dago errealitate horretatik salbu. Etxebizitzaren eta alokairuen prezioen errekor historikoak, gazteen emantzipatzeko zailtasunak, etxebizitza eskuratzeko irizpideen gogortzea… Geroz eta zailagoa zaio proletalgoari kalitatezko etxebizitza bat eskuratzea, eta langile klasearen geroz eta kapa zabalagoa babes gabe ageri da.
Aldi berean, egoera hauek negoziorako aukera dira putre funts, inbertsore handi, banku, erakunde publiko edota hain handiak ez diren jabe handientzat eta etxebizitzaren merkatutik geroz eta irabazi handiagoak ateratzen dituzte. Beraz, alde batean aberastasuna eta jabetzak kontzentratzen dira, eta bestean, pobretzea areagotzen da.
Guk argi daukagu, ez dago espekulatzaileen eta gure klasearen artean interesak bateratzerik. Ez dago erdibiderik, negozioaren alde edo etxebizitza-eskubidearen alde. Etxebizitzak merkantzia izaten jarraitzen duen bitartean, ez da eskubidea izango.
Honengatik guztiagatik, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek bat egin dute abenduaren 14an Bilbon manifestazioa deitzeko. Bertaratzeko deia luzatu nahi dugu, eta, bide batez, abenduaren 5ean Azpeitian manifestazioaren inguruko informazio gehiagoren berri emateko antolatu dugun asanbladara ere bai.
Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez!
Abenduak 14 Bilbora!
Egin zaitez bazkide