Albisteak
Euskaraz sortzea helburu duen ‘Guretik proiektuan’ hartuko du parte Zestoak
— 2020-12-07Guretik sortuak proiektua aurkeztu zuen abenduaren 2an Udalbitza Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakundeak Durangoko Plateruena Antzokian. Euskaraz sortzen eta hedatzen den artea “gero eta urriagoa” dela uste du Udalbitzak eta hutsune horri aurre egiteko jarri dute martxan Guretik sortuak proiektua. Euskarazko lanak sortzen laguntzeko egonaldiak antolatuko dituzte datorren urteko lehen erdialdean Euskal Herri osoko 25 edo 30 herrietan eta horien artean dago Zestoa.
Sortutako lan horiek guztiak erakusteko zirkuitua osatuko dute. Honen helburua, euskaraz sortutako antzerkia, zinemagintza eta literatura sustatzea da eta horretarako 700.000 euroko poltsa bideratuko dute. Sortzaileak hautatzeko deialdi publiko bat egitea aurreikusten dute datorren urteko urte hasieran eta batzorde batek erabakiko du zein proiektu hautatzen diren eta baita zein herritara bidaliko den. Sortzaileek hainbat asteko egonaldia egin ahalko dute egokitzen zaien herrietan eta herri bakoitzeko errealitatea kontuan hartuta sortuko dute euren lana. Film labur bat, eleberri bat edota antzezlan bat sortuko dituzte sortzaileek. Hori gauzatu ahal izateko, sortzaileen eta bertako eragileen arteko hartu emanak garrantzitsuak izango dira.
Egin zaitez bazkide