Albisteak

Euskarazko rakugoez gozatzeko aukera izan zen atzo Kultur Etxean

Giro goxoa sortu zen atzo arratsaldean Kultur Etxeko aretoan. Maider Ibarguren herritarraren ekimenez eta AEKren laguntzaz Rakugo saioa egin zuten Hiromi Yoshidak, Arantzazu Maizek, Axen Escaladak eta Maider Ibargurenek berak.

Sarreran, Rakugoa zer den eta Japonian nola egiten duten azaldu zuen Hiromi Yoshidak, eta Rakugoa euskaraz egiten nolatan hasi ziren ere bai. Haren hitzetan, Euskal Herriak sekulako ekarpena egin zion eta berak ere ordainetan zerbait eman beharra sentitu zuen. Ordainetan, beraz, Rakugoa ekartzea erabaki zuen. Hala ere, bera horretarako abila ez omen, eta Axeni proposatu zion Rakugoak kontatzen hastea. Axenek baiezko borobila eman, eta gerora batu ziren Arantzazu eta Maider abentura horretara. Gaur egun, Azpeitiko Rakugo Ekipoa osatzen dute laurek.

Azalpen orokor horien ostean, rakugolari bakoitzak rakugo bat kontatu zuen: Maider Ibargurenek “Sake-saltzaile aldrebesak” kontatu zuen, Axenek “Nor naiz ni?” eta Arantzazuk “Pegarraren prezioa”. Hirurak antzerki munduan ibiliak dira, eta, horri esker, ederki gozatu zuten bertaratu zirenek. Barre algararik ez zen falta izan ikusleen artean.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide