Gaur San Pedro eguna
— 2017-06-29Ekainaren 29a da gaur, San Pedro eguna. Badut egun honekiko lotura sentimentala, San Pedrorekiko baino, sanpedroekiko. Festak dira Zumaian, aitaren herrian. Umetan beti sanpedroak pasatzera Zumaiara joaten ginen aitarekin, amamaren etxera. Ama Zestoan geratzen zen, oporrak hartzeko egun pare baten faltan, segituan etortzen zen Zumaiara bera ere. Oso oroitzapen politak ditut. Udako lehen egunak, festa giroa, amamaren etxeko goxotasuna… eta urteko lehen bainua hondartzan. Gure aitak, beti esan izan baitu sanpedroak aurretik ez dela bainatu behar! Urteak pasa dira eta gauza bat dela edo bestea dela, aspaldian ez naiz joan sanpedroetara. Egoerak zein ohiturak aldatu egiten dira, normala da.
Baina aurtengo San Pedro eguna ere seinalatua izan da niretzat. Gaurtik aurrera antropologoa naizela esan dezaket, tituluz behintzat. Unibertsitatea agurtu dut. Agur nire ikasle garaiari, edo hurren arte, zeinek daki. Ahizpa Aizpeak ere gaur esan dio agur Bartzelonari, ikasturte osoa han pasata oraintxe hartu duela trena abisatu du. Iluntzean iritsiko da gure etxera, bueno, gurasoenera. Gaur baita urtebete habiatik irteteko giltzak hartu nituela.
Esan bezala amamaren etxean pasatzen nituen sanpedroak haurtzaroan. Amama bera ere, umea zela, Zestoatik Zumaiara joaten zen egun honetan. Nire moduan zestoarra da baina ama zumaiarra zuen. Aurrena, ordea, sanjuanak! Kalejiran dantzan igotzen zirela ermitara kontatu zidan aurreko batean eta gero han erromeria izaten zela. Pena erromeria hartako argazkirik ez izatea, ikasketak amaitzeko egin behar izan dudan lanerako oso baliagarriak izango baitziren. Erromeria hartakoak ez, baina Altzolako sanjuanteako argazki batzuk topatu nituen interneten Zestoako argazki zaharren bila ari nintzela. Zestoa izenez katalogatuta zeuden baina segituan antzeman nion beste nonbaiteko irudiak zirela. Nire lanerako ez didate balio izan baina bai beste artikulutxo baterako, hemen duzue irakurgai.
Zenbat hari San Pedro egunari tiraka… korapilatu naizen sentsazioa ere badut baina besterik gabe, beti izango dute zerbait berezia San Pedro egunak eta sanperdoek (txikitan hala esaten omen nuen, Karkarkar!)
Egin zaitez bazkide