Albisteak

Gazte kriminalizazioaren inguruko hitzaldia antolatu du Zestoako GKSk larunbaterako

Gazte kriminalizazioaren inguruko hitzaldia antolatu du Zestoako GKSk larunbat honetarako. ‘Burgesiaren kontrola antolakuntzaz gainditu’ dinamikaren baitan antolatu dute solasaldia. Azken hilabeteetako kontrolaren areagotzea kasualitate hutsa ez dela azaldu dute Zestoako GKSko kideek: “Kontrolaren areagotzea ez da kasualitatea gero eta argiago ari da gelditzen. Osasun krisiari aurre egiteko egin duten hautua, aterabide polizialarena eta askatasunen ezabapenena izan da, errepresioaren eta kriminalizazioaren estrategia.”

Masa komunikabideek biztanleriaren iritzian eragiteko duten gaitasuna baliatzen ari direla azpimarratu dute antolakundeko kideek: “Masa komunikabideak kaleen militarizazioaren, bortizkeria polizialaren, isunen, istiluen edo birusaren hedapenaren errua gazte langileon gain ari dira jartzen”. Azken asteetan Euskal Herriko txoko ezberdinetan gertatutakoa salatu dute eta bortizkeria poliziala “izugarri” hazi dela nabarmendu dute. Gai hauek jorratuko dituzte larunbateko saioan. Goizeko 11:00etan izango da, Alonderoko kultur aretoan.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide