Albisteak

Gaztetxea lekualdatzeko proiektuari eusteko “gogotsu” dago Gazte Asanblada

Zestoako Gazte Asanbladak gaztetxea lekualdatzeko proiektua aurkeztu zuen joan den urteko irailean, herriko hainbat eragileren babesarekin. Urtebete pasa da ordutik, eta orain arte emandako pausuen berri eman dute: “Ez gaude geldirik, eta pixkanaka aurrerapausoak ematen ari gara. Proiektuari eusteko gogotsu gaude”.

Urteetan zehar herriko hainbat belaunaldik gaztetxea “bizirik” mantentzea lortu dutela azpimarratu dute, eta garaiak aldatu ahala, herriko gazteen beharrak “aldatu” egin direla diote. Ondorioz, gaztetxeak asanbladaren jardunerako dituen “mugak” agerian gelditu direla adierazi dute: “Egungo espazioa eraikin publiko batean dago, musika-eskola, bertso-eskola, AEK eta antzerki-aretoarekin batera. Hala, ezin dugu espazio berean jarduera bat baino gehiago aldi berean egin”.

Proiektuaren lehen fasea amaitzeko eta bigarrenari ekiteko, aurreko astean lehen aldiz bildu zen hiruko negoziazio mahaia: Udala, Eliza eta Gazte Asanblada. Asanbladako kideek azaldu dute proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko, beharrezkoa dutela zentroan soinu probak egitea, eta horretarako baimena eskatu diote elizari. Orain, Gotzaitegiaren erantzunaren zain daudela azaldu dute, eta haien erantzuna “lehenbailehen” jasotzea espero dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide