Albisteak

Gaztetxearen lekualdatzeari buruzko adierazpena kaleratu dute Kultur Etxeko erabiltzaileek

Irailean aurkeztu zuen gazte asanbladak gaztetxea Elizondora lekualdatzeko proiektua. Asanbladako kideen esanetan proiektua “aurrera pausoak” ematen ari da eta bide horretan, herriko hamahiru eragileren babesa jaso zuten urrian. Gaur, Kultur Etxeko hainbat erabiltzailek Gaztetxea lekualdatzeri buruzko adierazpena argitaratu dute:

“Zestoako Gazte Asanbladak eta Fundizio Musika Elkarteak gaztetxea lekualdatzeko proiektua aurkeztu dute. Horren harira, Kultur Etxearen erabiltzaileok honakoa adierazi nahi dugu:

Kultur Etxea eraiki zenetik gaur egunera arte bertako erabiltzaile kopuruak gora egin du nabarmen. Hori dela eta, agerian geratu da espazioa txiki geratu dela denontzat. Bestalde, eragile bakoitzak duen jarduerari erreparatuta, begi-bistakoa da ez direla bateragarriak. Maiz, Gaztetxearen dinamikek gainerako eragileon jarduna oztopatu izan dute.

Ondorioz, Gaztetxea Kultur Etxetik ateraz gero, aukera ikusten dugu, behin-behinean, espazioa modu egokiagoan eta eraginkorragoan antolatzeko. Horregatik guztiagatik, bat egiten dugu Gaztetxea Kultur Etxetik ateratzeko proposamenarekin; bai Gazte Asanbladak eta bai gainerako eragileok geure jarduna baldintza hobeetan egiteko aukera izan dezagun”.

Zestoako AEK euskaltegia
Danbolinzulo Kultur Elkarteko erredakzioa
Ertxiña Musika Eskola
Zestoako Musika Banda
Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako Zuzendaritza Batzordea

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide