Albisteak
Correoseko zerbitzuen murrizketak salatzeko elkarretaratzea egin dute Zestoan
— 2021-11-02LAB, ESK eta ELA sindikatuek deituta, Zestoa eta Aizarnazabalgo Correoseko langileen egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Correoseko bulego aurrean, Enplegu suntsiketarik ez! lelopean. 3Z elkarteko kideek ere bat egin dute elkarretaratzearekin eta bertan izan dira Adinekoak zerbitzu publikoen defentsan zioen kartelaren atzean.
Hiru sindikatuek jakinarazi dute bihartik aurrera, Zestoa eta Aizarnazabalgo postarien postarien lanpostuetan eta zerbitzuaren kalitatean murrizketak egongo direla. Sindikatuek azaldu dute postariak Zestoatik Azpeitira lekualdatzeaz gain, Correosek Zestoako lanpostu bat eta Azpeitiko beste bat kendu eta zerbitzua emateko geratzen diren Zestoako langileak gainkargatu dituela.
Sindikatuek adierazi dute Correosek lanpostuak ezabatzearen arrazoia, posta arruntaren murrizketan oinarritzen dela: “Azken urte haietako posta arruntaren murrizketan oinarritzen da enpresa bi lanpostu ezabatzeko, baina ez du ezer esaten paketeriaren (%24.8) eta erregistratutako produktuen (ziurtagiriak eta jakinarazpenak) igoerari buruz, ezta 2021eko uztailaren 14an argitaratutako irabaziei buruz ere (1,8 milioi euro lehen seihilekoan)”.
LAB, ESK eta ELAren arabera, Correosek aldarrikatu du erregistratutako bidalketak “enpresaren finantzaketa-iturri garrantzitsuenetako” bat direla. Sindikatuen esanetan, horren ondorioz, Correosek “milioi asko” inbertitu ditu sailkapen eta PDA makinetan (32,9 milioi) eta horrek “plantilaren murrizketak” eta “zerbitzuaren kalitatea galtzea” ekarri dituela: “Zerbitzuaren kalitatea galdu da (entrega-epeak betetzeko zailtasuna), eta lan-baldintza okerragoak ezarri dira plantilarentzat, eta hauek aurre egin beharko diete egin ezinezko lan-kargei eta gehiegizko distantziei. Azpeiti eta Zestoa bitartean dagoen distantzia ahaztu gabe (17,6km joan etorria)”.
Bi banatzaile 4.551 herritarrentzat
Bihartik aurrera, beraz, bi banatzaile izango dira Zestoan eta Aizarnazbaalen eta bi pertsona horiek 4.551 herritarrei eman beharko diete zerbitzua. Sindikatuek azaldu dute, joan den urtean Zestoako bulegoak sei ordutik hiru ordura murriztu zuela jendaurreko ordutegia eta azken murrizketa hauekin, Correosek “beste bide batetik” joan nahi duela.
Egin zaitez bazkide