Albisteak
“Genozidioa amaitu, Palestina askatu” lemapean elkarretaratzea egin da eguerdian
— 2024-05-11“Sirena-hotsek ez dute etenik urriaren 7az geroztik Gazan. Ez dute etenik bonbardaketek, ez hilketek, ez palestinarren noraezak, ez herri oso baten suntsiketak. Urriaren 7az geroztik ez du etenik aspaldi hasi zen gerrak. Ez du etenik genozidioak. Israel estatu sionistak 34.900 pertsona baino gehiago hil ditu, Al Jazeerak jaso dituen Gazako Osasun Ministerioaren azken datuen arabera. Hau da, Gazako biztanleriaren %5. Nazio Batuen Erakundeak salatu du “aurrekaririk gabeko heriotza kopurua” dela hori, hain denbora laburrean. 78.500 pertsona baino gehiago daude zaurituta, eta desagertuta daude 8.000 baino gehiago. Bigarren Mundu Gerratik eman den suntsiketarik handiena da.
Rafah hiria du orain helburu Israelek, Gazako bonbardaketetatik ihesi 1,5 milioi pertsonak babesa hartu duten Rafah. 64 kilometro koadro eskas dituena. Astelehenean Rafah ekialdea ebakuatzeko agindu die Israelek bertan direnei eta handik ordu gutxira hasi dira lehen bonbardaketak. Rafah ekialdea bereziki gune garrantzitsua da Egiptorako igarobidea baitago bertan. Laguntza humanitario urriaren zati handi bat bertatik aritu da sartzen eta, bestalde, Rafah-ko ospitale nagusia eta osasun zerbitzu gehienak daude ekialdean. Astelehen gauean Israel indarrez sartu da, eta Egiptorako pasabidea ere tankeen kontrolpean geratu da, beraz, giza laguntzaren sarbidea itxi dute. Rafah hirian pilatutako 1,5 milioi palestinarrek ez dute bertatik ihes egiteko aukerarik: Gazako Zerrenda osoa suntsituta dago eta hegoalderago Egiptorekiko muga itxita egonik, ez daukate ihesbiderik.
Amerikako Estatu Batuen babesarekin eta Europaren konplizitatearekin Israel palestinar herria suntsitzen ari da eta mapatik desagerrarazi nahi du gure begien aurrean, eta ezin dugu onartu. Gernikako bonbardaketaren herria gara, Gernikako bonbardaketa jasan zutenen bilobak, eta lehen eskutik ezagutzen ditugu suntsipenaren ondorioak. Gernika berririk ez! oihukatzeko beharra dugu eta sarraski honen aurrean palestinar herriari gure elkartasuna adieraztekoa. Gernika berririk ez! Gerra gelditu! Palestina askatu!”.
Egin zaitez bazkide