Albisteak

Grises taldeak “agur” eta Rodeok “gero arte”

Larunbat honetan, abenduak 23, 22:00etan Ezpalak eta Rodeok elkarrekin egindako birari amaiera emango diote. Azpeitiko Gaztetxean joko dute azken kontzertua eta ondoren, Rodeo taldeak zuzenekoen etena egingo du. Grises taldeak, berriz, betirako agur esango du, abenduaren 30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian.

Ezpalak eta Rodeo taldeen bira amaiera

Bost kontzertuk osatu dute bi talde zestoarrek elkarrekin egindako bira. Zaldibar, Mutriku, Madrid, Zarautz eta etxetik gertu amaituko dute, Azpeitian.

Eñaut Gaztañagak, Ezpalak eta Griseseko taldekideak, hitz batzuk luzatu dizkigu: “Bira oso ondo ari da irteten! Lagun giro ederra dago bi taldeen artean eta giro horretan ederra da kontzertuak ematea. Gainera, jende dezente ari da aretoetara hurbiltzen! 23an izango da bi taldeak batera emango dugun azkena Azpeitiko Gaztetxean!”

Rodeok bideoklip berria eta zuzenekoen etena

Larunbatekoa denbora batean egingo duten azken kontzertua bada ere, Rodeok ez ditu entzuleak esku hutsik utziko. Atzo argitaratu zuten bideoklip berria Youtube plataformaren bitartez. “The Cure” taldearen “A Forest” abestiaren cover bat da “Basoa” izena duen abestia. Grabaketa honetan Asia ekialdean, Japonia eta Korean, 2023ko azaroan egindako biraren irudiak azaltzen dira. Bideoko irudiak eta muntaia lanak Oier Arregik egin dizkie.

 




 

Zuzenekoen etena, deskantsu beharretik etorri dela aipatu zuten duela gutxi Danbolinek egindako elkarrizketan. Hala eta guztiz ere lanean jarraituko dutela aitortu zuten eta presiorik gabe disko berri baten lanketan murgilduko direla kontatu ziguten.

Grises taldeak azken kontzertua

Behin betiko amaiera iragarri zuen Grises taldeak duela urtebete 20 urteko ibilbidearen ondoren. Honen inguruan ere hitz egin digu Gaztañagak: “Grisesen kontzerturako gogotsu gaude, baina triste ere bai! Gure azken kontzertua izango da 30ean Sanagustinen emango duguna, eta burura gauza asko etortzen ari zaigu entsegu bakoitzean. Ezin bururik kendu azken 20 urteetan bizi izan ditugun bizipenen irudiak; Festibalak, kanpoko kontzertuak… ez da erraza izango azken kontzertu hori ematea, baina polita eta emotiboa izango da. Grisesek merezi duen bezalako bukaera ematen saiatuko gara!”




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide