Albisteak

[ARGAZKIAK] Gurea Kulturak festetako kontzertuak iragarri zituen Mahl Kobaten kontzertuarekin batera atzo, ostegunez

Gurea Kultura taldeak atzo egin zuen aurkezpenean iragarri zituen aurtengo Amabirjin Jaietan zezenketa garaian izango diren kontzertuak, eta aldi berean, animalien torturarik gabeko festa ereduen aldeko aldarrikapena ere egin zuten. Aurkezpen festa Mahl Kobat artistaren kontzertuarekin eta jan-edanarekin osatu zuten.

Amabirjin Jaiak irailaren 5etik 8ra ospatuko dira aurten, eta azken bi egunetan zezenketen alternatiba modura eskainiko diren lau kontzertuen izenak jakinarazi dituzte dagoeneko. Irailaren 7an, igandez, Ez ez ez, Makeda eta Sal del Coche taldeen kontzertuak izango dira. Irailaren 8an, Amabirjin egunean, berriz, Anarik eskainiko du kontzertua.

Gurea Kulturak ondorengo mezua zabaldu zuen:

Gurea Kultura: animalien torturarik gabeko festen alde

Gureak kulturatik zezenketei gure gaitzespena adierazi nahi diogu eta zezenketen aurkako talde gisa aurkezten dugu gure burua. Torturarik gabeko herria nahi dugu, zapalkuntzarik gabekoa, eta animalien eskubideen errespetuan oinarritua.

Urteetan zehar, zezenketak gure jaien erdigune izan dira eta jaietako egitarauan sekulako protagonismoa eman zaie. Festak irauten duten lau egunetatik bi arratsalde osoz, jarduera horrek gure arreta eta espazioak monopolizatzen ditu. Animalien torturan eta sufrimenduan oinarritutako ekintzak izanik guztiz gaitzesten ditugu.

Zezenketak jasan ez ezik, horien inguruko guztia ere jasan behar izaten dugu: Zezenentzat, zezenketak baino astebete lehenago hasten da euren tortura. Gu alboko tabernatan poteak hartzen gauden bitartean, animaliak giltzapetuta daude espazio oso txiki batean. Animalien eskubideen defentsa irmoa egin nahi dugu, eta ulertzen dugu eskubide urraketa bat dagoen momentutik, praktika honek ez lukeela tokirik izan behar gure herrian.

Euskal Herriko hainbat festetan piztu da animalien erabileraren inguruko eztabaida eta urratsak eman dira: Lekeition, adibidez, antzarak kendu dira eta panpinak erabiltzen dira animalien ordez. Are gehiago, ez dugu ulertzen nola oraindik gure herrian zezenketak diru publikoarekin finantziatzen dituen Udalak, animalenganako torturan oinarritutako ekimen bat izanda.

Baina azken urtean, gure herriko zezen-taldeak indarra hartu du eta are gehiago hedatu nahi ditu bere jarduerak, animaliekin egindako ikuskizun gehiago gure festetara gehituz. Hori onartezina izateaz gain, espazio publikoaren eta gure jai-kulturaren abusutzat jotzen dugu. Ezin dugu onartu praktika hori, askok krudela eta beharrezkoa ez dela uste duguna, hazten jarraitzea oposiziorik gabe.

Gurea Kultura zezenketak errefusatzen dituen herriarrontzat espazioa izatea nahi dugu. Animalien sufrimenduari buruzko hausnarketa sakona sustatu nahi dugu, ekintza horiek geldiarazten saiatu eta gure tradizioek izan dezaketen bilakaerari buruzko eztabaidak piztu. Zezen, behi eta zekorren festak krudelkeria eta indarkeria modu bat dira, tradizioak justifikatutako entretenimendu modu bat, animalia horien bizitzak arriskuan jartzen duena.

Zestoa aldaketa positiboaren, bizitzarekiko errespetuaren eta ospakizun inklusiboaren adibide izan daiteke eta izan behar du eta horren alde borrokatuko dugu.

Gurea Kultura




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide