Albisteak

Herrero sutan

Hogei urte bete dira gaur Herrero taberna erre zela. 2002ko uztaileko Danbolineko zenbakian artikulu hau idatzi zuen Olaia Salegik gertakariaren harira:

2022ko ekainaren 18a, asteartea. Bazkalostea.

“Bazkalostean kafea hartzera joateko ohitura neukan, eta halaxe egin nuen egun hartan ere. Egunkaria irakurtzen harrapatu ninduen komunera bidean zihoan lagun baten su abisuak. Tabernako sukaldea sutan zegoela konturatu zen Nebera. Hara joan nintzen arrapaladan, eta sua sukalde osoan zehar zabalduta zegoela egiaztatu nuen. Estualdian, kanpaia sutan egoteak eragin zezakeen triskantzaz jabetuta, goiko solairura korrika igo eta tapaki bat besapean nuela itzuli nintzen behera. Harekin ito nahi izan nuen frijigailua, baina leherketa batek lehen nahiz bigarren mailako erredurak eragin zizkidan, aurpegian eta bi besoetan. Behin frijigailua itzalduta, gora igo nintzen berriro, erretzen ari zen kanpaiak han egindako kalteak ikustera. Sutan zegoen teilatua. Siestan ziren izeba Purita eta koinatua atera nituen hurrena. Berehalaxe etorri ziren suhiltzaileak, ordu laurden batera edo. Haien esku gelditu zen ordutik aurrerakoa”. Horrela gogoratzen du Inaxio Artetxek egun hura.

Zazpiak aldera arte gogor ekin zioten suhiltzaileek sutea itzaltzeari. Orduan eman zioten buelta egoera latz hari. Ordurako, baina, jan zituen suak jan beharreko guztiak; etxea galdu zuten batzuek, bizibidea besteek. Okerrago ere gerta izan zitekeela pentsatzeak kontsolatzen ditu denak. Aldeko izan zuten haizea suhiltzaileek, eta, Inaxiok gogorarazten digun moduan, “sutea bazkalostean ordez iluntzean edo hasi balitz, zilegi da pentsatzea inguruko etxeak ere bereganatuko zituela”.

Mementootan, kasu hauetan ohikoak diren tirabirak darabiltzate aseguru etxearekin. Kaltetuek etxe guztia bota eta berria eraikitzea nahi duten bitartean, matxurak bakarrik konpontzea nahi du aseguru etxeak. Oraindik ez dira heldu alde biak askietsiko dituen inongo akordiora. Udalak ere ez du, gaurdaino, eraikinaren egoeraren gaineko hausnarketarik egin. Hori bai, hainbat segurtasun neurri hartu ditu: hondakinak kendu eta puntaleak eta toldoak jarri.

Bestalde, hondamendiaren eragilea frijigailua izan zela ahoz aho zabaldu arren, kontua da baieztatu gabeko hipotesia dela hori. Izan ere, Maria Luisa Alberdiren hitzetan, “egia esan, ez dakigu zerk sorrarazi zuen sua, halaxe gertatu zela eta kito”.

Egun asko igaro dira pasa den ekainaren 18tik. Hotzean, Inaxiok ez daki zer erreakzio izango lukeen berriro halako egoera baten aurrean. Ez du uste suari aurre egiteko ausardiarik izango lukeenik. Ez zaigu batere kostatzen Inaxioren arrazoitzeko era ulertzea, ezta haren atsekabea, nahigabea sentitzea ere. Maizterrak, berriz, erabat penatuta daude: “Asko sentitzen dugu gertatu den guztia, baina herriaren elkartasuna eskertu besterik ezin dugu egin”, dio Juana Acedok.

Ura eta sua belaunetik behera, gogorarazten digu esaera zahar batek. Gauzak, ordea, datozen bezala hartu beharrean izaten gara maiz. Hala gertatu da oraingo honetan ere. Badirudi, gainera, luze joko duela auziak.

Olaia Salegi

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide