Herriko neska baten bikote ohiak, bera eta bere familia mehatxatu ditu

ADI!
Zestoako herriari: zuen laguntza behar dugu.
Herriko neska baten bikote ohiak, bera eta bere familia mehatxatu ditu.
Hau dela eta, datozen egun edo asteetan 30-40 urte inguruko gizon argentinar bat (argi utzi nahi dugu jatorrizko herria azpimarratzen dugula, soilik, pertsona hau identifikatzeko datu adierazgarria delako) Zestoako herritarrez galdezka ikusten baduzue (izenak, helbideak, telefono zenbakiak, etab.), INONGO INFORMAZIORIK EZ EMAN eta sare sozialen bidez halako pertsona bat dabilenaren abixua pasa ala ertzaintzari deitu (112).
Eskerrik asko!

Abenduaren 28an jasotako mezua da oraintxe irakurri duzuna. Herriko emakume batek eta bere inguruak zabaldutakoa. SOS. Alerta. Laguntza mezua.

Ez da astebete herriko beste genero indarkeria kasu bategatik plazan bildu ginela, eta testu honetan salatzen ari garena ez da gertatutako eraso bakarra. Beraz, ezeren aurretik, gure babes osoa adierazi nahi dizuegu Xri, Zri, Hri edo Bri.

Emakumeok jasandako hitzezko eraso bezala eraso fisiko bakoitzak argiago uzten du abenduaren 22an Zestoako plazan irudikatu genuen herri harresia dela jendarteak hartu beharreko bidea. Ez dago gure esku sistema judiziala, baina bai kaleko babesa, herri babesa. Bide horretan sinesten du Zestoako Txoko Feministak, herritarrengan sinesten dugu, zuen guztion indarrean, eta edozein modutako erasoren aurrean, erasotzaileen aurrean babes herritarra martxan jartzeko deia luzatzen dugu.

Emakume horien guztien ondoan jarrita, entzun gaitzaten ozen esango dugu behar den guztietan, ez dugula erasorik ez erasotzailerik onartuko gure inguruan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide