Infernua

Hiri handiaren azpian bada ezkutatua dagoen beste bat, eta badauka zerbait berezia lur azpiko hiri hark, badauka beste hiriekiko desberdin egiten duen zerbait. Noizbehinka, tenperatura ona egiten duela esan daiteke, baina gehienetan, eta egunotan batez ere, itotzeko haina bero egiten du han behean. Beroaren lagun onenak ez direnentzat amets gaizto bihurtu daitekeena, infernu bilakatu daitekeena.

Neure baitan infernua (kutsu negatibo zein positiboan) deitzen diodan lekua ezagutzeko aukera izan dut hiri handian, eta aitortu beharra daukat sarritan bertan egotea atsegina egiten ez zaidan arren, miresgarria iruditzen zaidala. Bertara bakarrik sartu nintzen lehengo aldian, txundituta begiratzen nion bertakoek zein beste herrialde batzuetatik noizbait etorritako pertsona horiek sortzen zuten aniztasunari, atzerritar handiena ni nintzela ohartu gabe. Oso txikia sentitzen nintzen hainbeste jenderen artean, galdua, orientaziorik gabe. Sarrera pila bat ditu lur azpiko hiriak, eta beherantz doazen eskailerak amaigabeak iruditzen zaizkit sarritan, baina ziurrenik gehienetan presaka jaisten ditudalako izango da.

Hirian bizitzea hasieran zaila izan daitekeen arren, apurka trikimailu txikiak ikasiz zoaz, eta denborarekin ikasi dut behera iritsi eta muturreraino joan behar dela, azkenengo bagoian sartzea hobeagoa dela, gero lehena irten ahal izateko. Baina zaila izaten da, izan ere, ehunaka ikasle joan ohi dira nirekin batera gorantz, arratoiek infernuko suari ihes egiten dioten modura.

Zain nagoen bitartean, burua ateraz, ikus daitekeen tunel ilunaren barrenera begiratzeko ohitura daukat, eta barruan egon daitekeenaz pentsatzen hasten naiz, beste mundu bateranzko sarbidearen itxura hartzen diot, edo itxura hartu nahi izan diot askotan, ezagutu nahiko nukeen mundu ilun bezain argi batekoa.

Atzerantz doan ordulariarekin batera, hasten da burdinbidea dardarka, iluntasun hartatik amorruz datorren piztia ateratzeko zorian egongo balitz bezala, oihuka, aurretik harrapatutako guztia suntsitzeko beharra izango balu bezala.

Baina piztia, berehala lasaitzen da, eta bere barrenera sartzeak urduritasuna sortzen zidan arren, jada lasai joaten naiz. Jada ez naiz sartu bezain laster aulki baten bila hasten, jada ez zait garrantzitsua iruditzen aulkitik piztiaren barrenean egin behar dudan ibilbideari begira joatea, aspaldi ikasi nituen ibilbidean egiten ditudan geltoki guztien izenak.

Nire geltokira iristean, aterantz zuzentzen naiz, lasai itxuraz, eta irteera oztopatzen didatenei pasatzen uzteko eskatuz, nire egunerokotasunaren parte den ekintza bat egiten dudan modura.

Baina oraindik ere, atzerritar galdu bat naiz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide