Iraetatik paseoan

Ederra bai, oso ederra iruditu zitzaidan argazki hau. Ederra baina apur bat garestia. Erosi ala ez, duda-mudatan nenbilela, baten batek aurrea hartu zidan eta desagertu egin zen nire begietatik. Interneten zegoen salgai, eta kalitate eskaseko muestra izan arren, eskerrak kopia bat gorde nuen. Hari esker, dakarkit hona gaurko kontakizuna.

Iraetan gaude errota eta Santa Ines ermitaren artean. Zer garai izango ote den? Bada, pentsatzen jarrita, 1926a baino lehenagokoa behar du, Urolako trena martxan jarri aurrekoa. Itxura guztien arabera, Arroako tren geltokitik Zestoa aldera doan garraio zerbitzua da. Bizpahiru turista –edo Iraetako jauntxo– hor daude atseden hartzen beren kaletar jantziekin eta kapeluekin eta, aldiz, bertakoek txapela daramate. Maleta handi bat al da hor lehen planoan ikusten dena? Bertan geratzeko asmotan ote dira “kanpotarrak”? Umeak, toki guztietan bezala, orduan eta orain, hantxe zer ikusiko…

Erreparatzeko kontua da ibilgailuen itxura ere: ezker aldera, garai bateko diligentzia edo gurdia ageri da garai bateko egurrezko gurpil eta guzti. Bidearen erdiz erdi, berriz, etorkizuna, alegia, motordun ibilgailua gainaldea dena trastez beteta daramalarik. Azorin datorkigu gogora baina autobus hau ez da hark dozena bat urte lehenago ikusitako diligentzia kaxkar hura. Gogora dezagun zer zioen Azorinek: “(…) dilijentzia hartu beharra dago. Trantze horrek ikara pixka bat sorrarazten dizu. Dilijentzia-gainean ekipaje pilo ikaragarria pilatu dute; barruan, kotxe barruan, bidaiariak elkarren kontra estutuz itxuragabeko metaketa egiten dute. Eserleku eroso bat eskatzen duzu –dilijentzia batean ezinezkoa den gauza– eta erantzuna jakina da: ‘oholtxoko eserlekuak bakarrik gelditzen dira’. Eta orduan begiak gorantz jasotzen dituzu, oholtxoa delakoa ikusten duzu –estalperik gabeko eserleku estu bat da– eta hasierako beldurra benetako istripu-susmo bihurtzen da. Eta ez da ezer gertatzen; alegia, ez da iraulketarik, ez heriotzarik, ez matxurarik, ez estropezurik, ez talkarik.”

Aipa ditzagun orain pixka bat eraikuntzak. Ezkerretara, errota eta ostatua. Irakurleak gogoratuko du benta horretan afaldu zuela Barojaren Martin Zalakain abentura zaleak Lasaora zihoala; Iraetako bentan afaltzen geratu eta Zestoa aldera abiatu ziren laguna eta biak: “Igo ziren beren zaldi txarretara, eta ibiltzen hasi zirenean, Iraetako zubitik gertu zegoen etxe batetik, kotxe bat ateratzen ikusi zuten, lau zaldik tiratua.” Zalantzarik gabe, hemen argazkian ageri den toki honetaz ari da idazlea. Errota ostatua beraz; oker ez banago, etxe horren xehetasun interesgarri bat ageri da argazkian arkitektura zaleentzat: behea eta lehen solairua lehengo zaharrak dira baina handik gorakoa beranduago altxatutakoa da.

Ermitari dagokionez, berriz, ondo erreparatzekoa da horman margotua daukan eguzki-erlojua, nik Zestoan ikusi dudan bakarra; bitxia benetan, gauza horietaz ulertzen duen jendearen gozamenerako.

Tira ba, bukatu beharrean gaude eta beste xehetasun asko irakurlearen esku utziko ditugu, berak topatu ditzala. Argazkian ikusten den giro lasaia beste plazatxo batzuetan ikusiko zenaren oso antzekoa da, esate baterako, irakurleak erraz asko irudikatuko du irudi berbera Alkorta ostatuaren aurreko plazatxoan (Mollergi aurrean). Eta asmatzen jarrita, baita bertako konbertsazioa ere, eta turistak “oh, qué sitio más pintoreco! Que verde está todo” esaten, eta gainerakoak, Azorinek zioen moduan, irribarrez eta begi-keinuak eginez, erdaraz tutik ere ulertzen ez-eta. Eta umeak oparitxoren baten bila, gaur egun turista “aberats” moduan atzerriko herri pobre horietako batera joaten zarenean zeuri eskatzen dizuten moduan.

Baina tira, hementxe utz dezagun. On egin!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide