Itsasontzitxoak eta Zestoan egiteko planak

Kaixo lagunok, zer moduz zaudete?

Gaurkoan, beste bi proposamen dakarzkizuegu, biak ala biak, ingurumenarekin zerikusia dutenak. Hasteko, intxaur azalarekin itsasontziak egingo ditugu. Plastikorik erabili gabe egingo ditugu itsasontziak. Gero, ibaira eraman ditzakezue, badakizue, itsasoa ibaietan hasten dela. Agian gure itsasontzitxoak itsasora iritsiko dira, nork daki!

Nola egin itsasontziak:

Materiala: Intxaurrak, ogi mamia, txotxak, papera, kola eta errotulagailuak.

1. Intxaurrak erditik ireki eta barrukoa hustu.

2. Ogi mamiarekin pilotatxoa egin eta intxaurra bete.

3. Paper zati bat hartu, banderatxo bat egin eta txotxari itsasi.

4. Txotxa ogi mamian sartu.

Bestetik, Zestoan egiteko hiru plan proposatuko dizkizuegu. Gure inguruan ditugun txokoez gozatzeko aukera duzue, naturan eta lagun giro ederrean. Danbolinek hil honetan “Bihurtu KALEak BALE” egitasmoa jarri du martxan eta Barbantxok bat egin nahi izan du ekimen honekin. Beraz, hemen proposatzen ditugun planen bat eginez gero, hartu zure poltsatxoa eta jaso inguruan aurkitzen duzuen zaborra. Gero bidali argazkia 722 60 92 65 telefono zenbakira.

Hona hemen Zestoan egiteko planak:

  • Akoako galtzadatik Aizarnara joan eta bertako frontoian pilotan jolastu.

  • ErtxiƱera igo eta bertako kobazuloak ikusi eta txokoak deskubritu.

  • Urolako tren zaharrak egiten zuen bidea jarraitu Lasaora eta Iraetara. Garai hartako geltokiak ikusi.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide