Albisteak

[JARDUNIAN] Jurdan Arakistain

Puntuala dela esan digute, eta halaxe azaldu da gurekin jarritako hitzordura Jurdan Arakistain (Zestoa, 2001). Azpeitiko igerilekutik iritsi da arratsaldeko 18:00etan eta 18:30erako Kultur Etxeko atarian dago, zain. Danbolineko bulegoan egin dugu solasaldia, maskarak eta distantziak medio.

Gustura egon da Arakistain, eguneroko kontuez aritu gara eta berehala atzeman diogu kirolzale amorratua dela. Igeriketa eta pala, pala eta igeriketa. Biak ditu gustuko eta primeran moldatzen da bietan. Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituko Txapelketa eta Gipuzkoako Neguko Igeriketa Txapelketa irabazi zituen 2019an. 2020ko Etorkizuneko Kirolari ere izendatu zuten joan den urteko uztailean, a ze marka!

Errealaren jarraitzaile sutsua da. Pilota ere maite du baina batez ere Altuna, bere pilotari faboritoa. Ikasketetan fina, langilea eta mutil alai zein irekia da Jurdan.

Zestoan ikasketak bukatuta, Azpeitiko Urola ikastetxean ibili zinen eta orain Zumaiako Institutuan zaude. Gustura al zabiltza?

Oso gustura nabil han. Bost gara gelan, bi zestoar, beste bi azpeitiar eta azkoitiar bat: Arantzazu, Adan, Markel, Iñaki eta neuk osatzen dugu boskotea. Taxian joaten gara Iñaki eta biok. Goizeko 08:55ean irten eta 14:30ak alderako buelta. Egunean bi klase izaten ditugu eta jangelan bazkaltzen dugu.

Udaletxean praktikak egiten ibili zara azken hilabeteetan, ezta?

Bai. Brigadan ibili nintzen aurrena, Xabier Irurerekin. Goizean hasten nintzen eta eguerdiko ordu bata arte jarduten genuen. Kotxea hartu eta Zestoa eta auzoetara joaten ginen. Zakarrontzietako zaborra jaso, plastikozko poltsa berriak jarri, hostoak jaso…

Gero kiroldegian ibili nintzen. Bazkideak etortzen zirenean, sarreran egoten nintzen haien izen-abizenak idazten. Tenperatura ere hartzen nien. Gimnasiora ere joaten nintzen, makinak desinfektatzera. Mikel Irurerekin gimnasiako saioak ere egiten nituen.

Pandemia baino lehen, San Joan egoitzara joaten ere hasi nintzen. Egun bakarra egin nuen, gero itxialdia etorri zen. Laguntzaile lanak egitea zen asmoa: erosketak egin, egoiliarrekin egon…

Praktikak egin dituzu eta ikasketak ekainean amaituko dituzu. Etorkizunean zertan gustatuko litzaizuke lan egitea?

Ez dakit, tokatzen denean. Langilea naiz eta gogotsu nago.

Badakigu kirola egitea asko gustatzen zaizula.

Igeri egitea oso gustuko dut eta paletan ere asko ibiltzen naiz. Egunero joaten naiz igeri egitera Azpeitira, aitarekin. Pala eta igeriketa txapelketetan parte hartzen dut baina orain, Covid-19agatik ez dugu txapelketarik eta paletan behintzat ez dut entrenatzen. Hemen ibiltzen naiz, pixka bat, lagunekin herriko frontoian. Ea laster hasten garen berriz txapelketekin.

Zer gustatzen zaizu gehiago, pala ala igeriketa?

Biak.

Eta bat aukeratu beharko bazenu?

Igeriketa. Azpeitiko Izarraitz igeriketa taldeko kidea naiz. Oso jende ona dago han, hori bai, denak azpeitiarrak, neu naiz zestoar bakarra. Denok batera entrenatzen dugu, ordu berdinean. Uretan gustura ibiltzen naiz. Orain, pandemia dela-eta, ordua hartu behar izaten dugu igerilekura joateko eta kale bakoitzean bi pertsona ibiltzen gara, eta hobe.

Azpeitira bueltaka ibiltzen zarete orduan…

Bai, egunero-egunero. Igerilekutik irtendakoan, loteria jokatzen dugu aita eta biok: Bonoloto, Euromillones eta Primitiva. Tokatzen bazait lagun guztiei Anoetako bazkidetza ordainduko diet. Once-ko saltzailearekin bazkari bat ere egin dut.

Erreal-zale amorratua zarela ere esan digu txoritxo batek.

Errealeko bazkidea naiz baina orain pandemiagatik ezin gara partiduetara joan. Bestela autobusean joaten gara, normalean aitarekin. Aitari gustatzen zaio gehiena futbola eta arrebari ere bai. Denok gara futbolzaleak etxean. Aurten gainera ondo ari da Erreala.

[Elkarrizketa egin diogun egunean, Errealak partidua du bederatzietan Bartzelonaren aurka eta behin eta berriz begiratu du mugikorrean ea hamaikakoa interneten zintzilikatu ote duten. Arbitroen izenak ere elkarrizketatzaileon aldean ederki dakizki].

Puntuazio kontuak eta jarraitzen dituzu orduan.

Bai, asko gustatzen zait. Mugikorrean begiratu ohi ditut partidetako emaitza eta puntuazioak. Orain, gainera, nire gelan telebista daukat eta asko gustatzen zait futbol eta pilota partidak ikustea. Albistegiak ere egunero ikusten ditut, eguerdian eta iluntzean eta gero, eguraldia.

Zure pilotari eta futbolari gogokoenen jarraituko dituzu orduan, ezta? Zein dira?

Noski. Altuna da nire pilotari gustukoena eta futbolaria, Mikel Oiartzabal.

Zestoako taldeak animatzera joaten al zara?

Orain ez, ez dagoelako partidurik baina bestela bai. Lehengo urtean gainera helduen taldea mailaz igo zen.

Musika eskolara ere etortzen zara.

Bai, banda txikiko entseguetara. Triangelua, bonboa, danborra eta marakak jotzen ditut. Ondo zaintzen naute musika eskolan, kuadrilla ederra biltzen gara.

Zer musika mota entzuten duzu?

Denetik gustatzen zait baina batez ere Gozategi, Korrontzi, Kupela… Euskal kanta zaharrak ere asko gustatzen zaizkit, Benito Lertxundi, adibidez.

Beno, ikusten dugu aste barruan eskola, igeriketa eta musika eskolarekin nahiko lan baduzula eta asteburutan zer egiten duzu?

Asteburutan ere igerilekura joaten naiz, egunero. Eta gero lagunekin irtetea gustatzen zait: palan ibiltzera, bizikletarekin buelta bat eman… WhatsApp-eko taldean finkatzen dugu hitzordua eta kalera.

Zein da zure planik gustukoena?

Eguraldi ona egiten duenean familiarekin Donostiara joatea gustatzen zait, bainila eta txokolatezko izozkia jatera. Udan, zestoarrak egoten dira izozki dendan lanean eta kasu egiten diegu. Donostiako Aste Nagusian suak ikustera joatea ere asko gustatzen zait.

Mugikorra asko erabiltzen duzu orduan?

Bai, WhatsApp-a asko erabiltzen dut lagunekin eta lehengusuekin hitz egiteko. Talde asko ditut, batzuk azpeitiarrak, besteak zestoarrak.

Libe Arakistain

Zestoa bezalako herri batean bizitzeak asko laguntzen dio Jurdani. Oso pertsona irekia da eta jendeak asko maite du. Txikitatik irten da kalera bere lagunekin, herri txiki batean bizitzeak askatasuna eman dio. Berdin dio norekin irten; inorekin gelditu ez bada ere kalera joaten da eta beti aurkituko du norbait. Txikitan bi pala hartu eta frontoira joaten zen eta han zegoenarekin ibiltzen zen beti.”

Xabier Irure

Oso gustura ibili zen Jurdan brigadako lanak egiten. Beti ibilbide berdintsua egiten genuen, herrigunean ibiltzen ginen eta auzoetara ere joaten ginen. Udazkenean hosto pila bat kentzea tokatu zitzaigun eta hori asko gustatu zitzaion. Kirolzale amorratua da bera eta horren inguruan hitz egiten genuen, Altuna gora eta Altuna behera, Errealak zer moduzko partida jokatu zuen aurrekoan… Hamaiketakoa jateko ordua izaten zen ona: brigadak Gurutzean duen lokalean elkartzen ginen langile guztiok eta hantxe egoten zen Jurdan ere, kontu-kontari.”

Aner Alberdi

WhatsApp bidez egin ohi ditugu planak. Normalean asteburutan gelditzen gara. Ni ere igeri egitera joaten naiz Azpeitira eta sarritan Jurdan eta bere aitarekin joaten naiz. Kirolari buruz asko hitz egiten dugu. Oso hiztuna da bera. Bi edo hiru astetik behin Iraetara joaten gara paletan jolastera, bizikletaz. Oso gustura ibiltzen da lagunartean, saltsan.”

Itsaso Waliño




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide