Albisteak

[JARDUNIAN] Kontxi Aizarna. Kax kax atarian

Partxuelko etxean, jaiotetxean hartu gaitu Kontxi Aizarnak, (Aizarna, 1958). Orain 5 urte pasa jubilatuz gero bertan bizi da, lehen oporrak eta asteburuak ematen zituen etxean. Gimnasia duten egunetan ziur izaten da Partxuelkon. Beste batzuetan Zarauzko etxean ematen ditu egunak, eta lagunarengana ere joaten da Gasteiza, maitasun bat eta etxe bat baino gehiago dituen harremanean. Tximinia piztuta, liburuz eta diskoz betetako sala bera da irakurketa eta berriketa patxadatsurako gonbita. Hiru orduz hizketan jardun, ganbarako partitura eta zinta zaharren kutxak zabaldu, eta azkenerako martxan jarri du egongelako ertz batean duen magnetofoi zaharra. Bobinan bueltaka, umeentzako ipuina, eta salako leiho aurrean, eskola. Hari begira hasi gara ume kantuez, hezkuntzaz eta pedagogiari buruz.

1977an hasi zen irakasle Zarauzko Ikastolan. Lauzpabost urtera, han baimena hartuta, buru-belarri jardun zuen Xirula Mirula musika eskolan; material didaktikoa eta Imanol Urbieta bikotekide zenak, Manolok sortutako abestiak haurrekin landu eta diskoetan grabatzen.

Entzuten al dituzu etxetik haurrak zuek sortu eta zabaldutako kantuak abesten?

Bai, beti-betikoak. “Ran Roberran”, “Txoria nintzela”, “Astoa ikusi nuen”, Txiki txiki txikia”, ezagunenak, baina askoz ere gehiago daude.

Azaroan Orioko herri ikastolan eta Gasteizko Olabide ikastolan haur txikiekin abesten eta kontalari aritu zinela ikusi dugu ikastetxeen sare sozialetan. Maiz egiten al dituzu halakoak?

Oriora ilobaren alaba jasotzera joaten naiz eta eskatu egin zidaten. Gasteizen berriz, lagunek eskatuta lau saio egin nituen.

Desberdina al da irudietara txikitatik ohitutako umeekin jardutea?

Bai, arreta jartzea askoz ere gehiago kostatzen zaie, eta segituan aspertu egiten dira. Baina beraien behar emozionalak berdinak dira, hori ez da aldatu. Niretzat bokazioa izan da hezitzaile izatea, satisfazio asko eman dizkit. Gogorra baina ederra.

19 urterekin ikastolan 5 urtekoekin andereño hasi, gero musika eskolan ikasle, eta segituan irakasle. Gerora egin zenituen irakasle ikasketak. Nolakoa izan zen 80ko hamarkada hasiera?

Orduan ez zegoen ezer, dena sortzeko zegoen. Ni ikastolan hasi eta Idurre izeneko neskatila batek txirula jotzeko eskatu zidan, eta ez nekiela esan nion. Andereñoa izan eta ez dakizu! Eta musika eskolan eman nuen izena. Han ezagutu nuen Manolo, eta musika munduan hasi nintzen. Gogoan dut behin batek esan zuela bilera batean bere umeek gazteleraz kantatzen zituztela, “La Ramona pechugona”

eta halakoak. Manolok esan zien berak Zarautzen ez zuela arazo hori, eta atera zuen bere karpeta, eta “nire umeek hau kantatzen dute” esan zuen. Izugarri gustatu zitzaien istorioa, eta orduan, Lutxi Mantzisidorrek bultzatu eta egin zuen bidea hori publikatzeko. Gainera ikusten genuen eskoletan musikak ez zeukala batere lekurik. Musika ikasi nahi zuenak kontserbatoriora joan behar zuen eta berdin zen 8 urterekin joan edo 19rekin joan. La música es el arte de combinar sonidos y estos en el tiempo eta punto. “El solfeo de los solfeos” liburua hori zen.

Orduan pentsatu genuen eskolan zerbait egin behar genuela. Musika pertsona guztien eskubidea da; belarri onekoek, txarrekoek, ahots onekoek, txarrekoek, herrenek, ez herrenek, denek daukate eskubidea. Horrela hasi ginen Xixupikarekin.

Ordurako Manolo magisteritzako irakasle zen seminarioan eta Astigarraga, Martutene eta Hernaniko eskoletara joaten zen praktikatzera, asmatzen zituen gauzak umeekin probatzera, eskoletan ez zegoenez. Pentsatzen genuen eskoletan musika sartu eta behin ibilbide hori eginda bukaera izango zuela gureak.

2000. urtean, artean Ikastolen Elkartearekin eta Elkar argitaletxearekin materiala sortzen jarraitzen genuen eta gero gure kasa ere bai. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren enkarguz hainbat bideo egin genituen, diskoetan zeuden kantuak irudiz umeekin jantziz. DBHko ikasleei musikaren historia irakatsi genien. Bideo pila bat sortu genituen. Moskuraino joan ginen, San Petersburgora musikari klasikoen biografien sailerako grabazioak egitera.

Sehaska kanten “Kunkun Lolo” diskoa ere 2000koa da. Donostiako kultura patronatuan esan ziguten gustura oparituko lieketela hirian jaiotzen ziren haur guztiei sehaska kanten diskoa gurasoek entzun eta umetxoei kantatzeko, transmisiorako.

Diskoaren azalean haur txiki bat. Hau al da ilobak, Julia Urreaga, Rural Zombieseko kantariak parte hartzen duen lana?

Bai, bera da azaleko umea, hemen jardinean egindakoa da argazkia. “Txalopin txalo” nik errezitatu eta berak errepikatu egiten du. 24 kanta dira, bi dozena! Imanolek ez zekien 14koa egiten. Izugarria izan zen honek izan zuen arrakasta. 15.000 disko saldu ziren, gehienak udalek erositakoak ume jaioberriei oparitzeko. Araban, adibidez, kuadrilla askotatik eskatu ziguten. Tirada bakoitzean, udalaren zigilua jartzen genion.

Aitzindariak izan zineten euskarazko ume kantak sortzen. Denborak arrazoia eman dizuela esango al zenuke?

Nik uste baietz. Gaur egun gehiago dago aukeran, baina… Guk Europara egiten genituen bidaietan beti liburutegi espezializatuetara joaten ginen umeentzat zer zegoen ikustera. Italiatik asko jaso genuen. Bada esaldi bat Imanolek esaten zuena: onenak gara, onak garen jakin gabe, besterik ez zegoelako. Gaur egun norbaitek, igual, harrokeriatzat hartuko du, baina nik uste dut inork ez duela

gainditu oraindik umeen oinarrizko beharrei erantzuteko pedagogikoki egindako materiala, hobetu denik ez nuke esango behintzat.

Besteei ezer kendu gabe, Ene Kantei ezer ez, Porrotxekin-eta oso ondo konpontzen naiz, eta guretik asko jan dute, aitortuta gainera. Gogoratzen naiz aurrenengo diskoa, “Takolo, Pirrutx” zen, dena gure kantekin, bertsioak, fusilajea, “Mac Mikel”, “Arkakusoarena” etab.

“Arantxan txan” ere bai, zuenetik?

Ez, hori ez da gurea. Herrikoia da. “Pintto pintto” ere ez da gurea.

Normalean aldrebes izaten da. Pentsatu abesti bat herrikoia dela eta egilea izatea. Gertatu daitekeen onena al da?

Hori ohore bat da. Kanta herriarena bihurtu da. Nik esaten nuen, Manolo bera oso harro dago, baina bizi bitartean gutxienez aitortu. Anekdota polit bat badaukat. 2000. urte inguruan, kurtso hasieran Donostian, Elkarren begira ari nintzen zer nobedade zeuden eta aurkitu nuen argitaletxe bateko materiala, 3, 4 eta 5 urteko haurrentzat, eta kantaz beteta zegoen. Herrikoia, herrikoia, herrikoia, herrikoiak zirela jartzen zuen, eta %90 gureak ziren. Harremanetan jarri nintzen argitaletxearekin eta zita bat egin genuen. Etorri zen maleta batekin, nik uste dut dirua eskaintzera. Imanol asko lotsatzen zen eta alde egin zuen. Zer eskatzen genuen galdetu zigun, eta kaleratu eta zabaldutako liburuetan hutsen zerrenda moduko bat sartzea eskatu genuen, kantuak halakorenak zirela esanez. “Hori bakarrik?”, eta guk: “Bai”. Ikusten duzu diruari zein lotuta nagoen. Imanolek esaten zuen, eguna bukatu, prakak kendu eta txanponak erortzean: “Begira zeinen ondo, eguna bukatu eta dirua sobratu!”.

Zuzenketa egingo zutela esan zidan, eta kontatu zidan, argitalpena egiteko irakasleak kontratatu zituztela eta haiek kantuak herrikoiak zirela pentsatu zutela. Kuriosoa izan zen; handik urtebetera edo, argitaletxeko arduradunak deitu eta esan zidan izugarrizko zorra sentitzen zuela eta zerbait egin nahi zuela. Antolatu zuen Kursaalen, 2002an, sekulako jaialdia, Oskorri, Pantxoa eta Pello, Egan… “Lagunak zuri kantari” jaialdia egin zen Imanolen kantuekin. Orduan atera zen “Bidea luzea da” biografia ere, Andoni Egañak idatzitakoa. Oso polita.

Imanolek omenaldi eta aitortza ugari jaso zituen, baina Xirula Mirularen diskoetan eta ez gainerakoetan, ez da Kontxi Aizarna azaltzen. Erdia behintzat mereziko zenuen, ezta? Gaur egun ez litzateke pasako?

Gizon handi baten atzean emakume handiagoa dago. Zerbait-zerbait badaukagu bion izenean argitaratuta, kantu liburu bat, 40 kantu txiki, formaz karratua dena, eta beste batzuk. Nik liburu borobila egin nahi nuen, inon kabitzen ez zena, beti zirikatzen ari zena, hankapean. Abbadia sariaren ondoren atera zen liburuan ere, bera agertzen da baina iradokizun pedagogikoak eta nireak dira.

Ez al zara, orain, atzera begiratuta, emakume ikusezina sentitzen?

Bai, hori horrela da. Atzean egon naiz. Kontziente naiz, igual harrokeriatzat har daiteke, baina badakit Imanolek ez zuela egingo egin zuen guztia ni ez banengo, garbi daukat. Batek baino gehiagok ere esan dit. Harrotasun hori badaukat, hor egon naiz, baina injustua izan da. Orduan ohiko joera zen. Bera zen artista, nolabait. Gaur egun ez nuen onartuko. Bera hil baino pare bat urte lehenago Zarauzko Udalak atera zuen “Bakarrik eta libre”, berak rockeroen diskoa esaten zion. 14 kantu. Eñaut Elorrieta, Mursego, Petti, Lou Topet, eta Andoni Egañak egin zuen berari buruzko kantu ederrena, Pirritxek eta Porrotxek abestuta, eta Xabi Zabalaren musikarekin. Berak esaten zuen omenaldiak bizi artean egindako eskelak direla. “Zortea zurea hemen zaude eta!”, esaten nion nik. Postumoak Argia saria, Euskal Herriko musika eskolek egindako aitortza eta “Kanonak”. Bizi guztian izan zuen lan hori argitaratzeko nahia, eta Jaurlaritzak eta Arabako Diputazioak kaleratu zuten bera hil ondoren.

Bera hil ostean bazenion nahiko zenukeela idaztea, kantuen atzeko istorioak-eta.

Ez naiz gai ikusten. Norbait hartu beharko nuke. Pentsatu, askotan pentsatu dut ipuin bat bezala idaztea. Getarian dioten bezala, epiopa (epopeia) horiek denak, baina ez. Pasatakoa pasata dago, bizitakoa barruan dago eta ez dut sentitzen beharrik. Iragana gainditu egin behar da, bizi izan duzu, ez du esan nahi ahaztu egiten duzunik, baina gaur beste puntu batean zaude. Oso puntu onean sentitzen naiz. Osasunez ondo, beteta pertsona bezala, errealizatuta esaten zen garai batean. Lo primeran egiten dut. Horrek esan nahi du ez dudala kontzientzi karga berezirik, bakean nago.

Musikak orain zein parte du zure bizitzan?

Ez pentsa leku handirik daukanik. Orain ari naiz entzuten egindako gauzak, inon argitaratu gabeak, ikusi zein kalitate duten, agian argitaratu. Partitura pila bat utzi zituen, ez nekien horiekin zer egin eta Zarauzko udaletxera eraman nituen eta udalak atera zuen beka bat hori klasifikatzeko. Atarrabiako neska batek irabazi zuen. Pena dut Imanolek ez ezagutzea Itziar bizi zen artean. Berak esaten zuen mirlo edo zozo zuri horietako bat. Egin zuen inbentario bat eta 3.000 kanta zerrendatu ditu dagoeneko. Berak digitalizatu egin zituen eta bere helburua zen publiko egitea, webguneren batean edo. Itziar Lopez de Ciriza, Iruñean musika irakaslea da. Berak doktore tesia ukeleleaz egitea pentsatua zuen, baina erabaki du Imanol Urbietaz egitea. Sekulako lana ari da egiten. Ez dakit inoiz gauzatuko den. Uste dut beste urtebeterako edo baduela.

Ganbaran hainbeste urtean egon den materiala berrikusten ari naiz, berari laguntzeko. Bakarrik irratirako egindako kantu, ipuinak eta abar. Herri Irratian eta Euskadi Irratian umeentzako saioak egin genituen 80ko hamarkadan. Gogoan dut irratsaioetako batean, hortz kontuez aritu ginela eta esan genuen hortza hartuta estudiora etortzen zenari oparia emango geniola. Getariatik etorri zen ume bat eroritako hortza hartuta. Orduko oroitzapen txikiak biziberritzen ari naiz.

Imanolek esaten zuen bera ez zela poeta, ez zela musikari berezia, umeei egoera zehatzetan erantzuteko behar zituela kantak eta momentuan sortzen zituen. Irakasle eskolan zegoenean seminarioan, sekulakoak egiten zituen. Behin eskola atarian asto bat zegoen lotuta euritan blai eta ez zuen gelara igo de milagro. Ikasle guztiek astoa han ikusi, lotuta, blai, eta erantzun bat behar zuela uste zuen, kantu bat edo… berak, astoa gelara ere eramango luke. Horrelako erokeriak asko egin zituen. Realak liga irabazi zuenean ere, gaia landu egin behar zela uste zuen. Sei urteko ume batek esaten dizu “atzo Reala txapeldun, gure aita etorri zen sekulako mozkorra harrapatuta” eta Manolok segituan “honek kantu bat behar du” eta hasten zen “Aupa Real aupa aupa Alavés. Aupa Osasuna beste ekipo euskalduna…” Artista bat zen.

Musika asko entzuten al duzu?

Orain entzuten dut musika. Gaur egungoa kosta egiten zait, lehengoan geratu naiz gauza askotan, beste melodia batzuk, klasikoak. Ez dut asko jartzen. Biniloak jartzen ditut. Kaseteak bota egin nituen. Batzuetan etxea garbitzeko musika martxoso bat jarri eta badirudi azkarrago egiten duzula. Hemen, jubilatuek gimnasia egiten dugunean, musika jartzen digute. Tzunpa-tzunpa horietakoa, azkarra.

 

Nagore Telleria Eizagirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide