Albisteak

[JARDUNIAN] Martin Azpillaga

Apirileko zenbakitik ekarritako elkarrizketa:

Ikastea da bere pasioa. 29 urte hauetan, bizia eskaini dio matematika eta informatikari Lasaokoak. Aitona izan zen matematikarekiko zaletasuna piztu ziona, eta, 14 urterekin, modu autodidaktan ikasita, jokoak programatzen hasi zen. Munduko herritar gisa definitzen du bere burua. 18 urterekin, Bartzelonara joan zen Matematika eta Informatikako gradu bikoitza ikastera; handik Manchesterrera, Matematika puruari buruzko masterra egitera, eta, duela hiru urte, bere habiara itzuli zen, Mallubira. Etxera gonbidatu gaitu, paseo bat eman dugu lorategian, eta, pare bat zerbeza hartuta, berriketan hasi gara.

Zestoan igaro zenuen zure haurtzaroa. Nola gogoratzen duzu?

Gaur egungo Martin eta txikitakoa pertsona guztiz ezberdinak dira. Ez ditut oroitzapen oso onak: ez nuen jakin nire lekua bilatzen gizartean, oro har. Inor ez da horren erantzule; umeak zerbait ezberdinaren aurrean beldurtu egiten dira, edo baztertu egiten dute. Ez dugu jakiten ezberdintasun horiek kudeatzen. Heltzen joan nintzen heinean, onartuago sentitu nintzen.

Eskolako nolako oroitzapen dituzu?

Oso gustura joaten nintzen, pozik, matematikako klaseetara bereziki. Erraztasuna nuen ikasteko. 28 urte ikasten eman ditut, eta, ahalko banu, beste 40 pasatuko nituzke. Urteekin konturatu naiz nire gaitasun pertsonaletako bat ikastea dela. Norbait arbelaren aurrean jarri zerbait azaltzen, eta hori ulertzen saiatzen naiz. Burua 100 km orduko abiaduran jartzea da nire afizio gustukoena.

Nondik datorkizu matematikarekiko zaletasuna?

Txikitan, aitonak ikusi zuen ondo moldatzen nintzela zenbakiekin, eta eragiketak egiten erakutsi zidan. Bera izan zen zaletasuna piztu zidana; beti eskertuko diot. DBH amaieran, problemak hartu, eta erresolbitzen saiatzen hasi nintzen modu esperimentalean, formulak asmatzen… Batxilergoan, matematikako olinpiadetara joan nintzenean, matematika formala ezagutu nuen.

Eta informatikarekikoa?

14 urterekin, programatzen hasi nintzen, autodidakta moduan birusak egiten. Berehala, osabak programatzearen alde ona erakutsi zidan, bera programatzailea baita, eta ohartu nintzen sortzailearen lana zailagoa dela hausten duenarena baino. Nire lehen sorkuntza garatu nuen: neurri geometrikoak kalkulatzen zituen gailua. Visual Basics-era pasatu nintzen, eta nire lehen jokoa garatu nuen. Arcanoid estiloko jokoa zen: blokeak bola batekin puskatzea zen helburua, eta, barratxo bitartez, bola kontrolatu behar zen. Ondoren, Dragoi Bolari buruzko ¿Quién quiere ser millonario? jokoa garatu nuen. Oso ongi landuta zegoen; pertsonaia ezberdinak, Dragoi Bolak lortzeko aukera…

2006an hasi zinen programatzen; orduan ez zegoen Internet hain hedatuta.

Orain Youtube dugu, eta autodidakta izatea normala da. Garai hartan, beste bide batzuk topatu behar ziren. Euskaraz edo gaztelaniaz ez zegoen apenas materialik, eta ingelesa informatikari esker ikasi nuen, eta alderantziz. Proiektuz proiektu ibili naiz. Helburua ez da inoiz izan haiek amaitzea, egiten ditudan bitartean ikastea baizik.

Azkenerako, jokoetan jolastea baino gehiago, haiek sortzea gustatzen zitzaidan. Batxilergo garaian izan zen. Parrandara irtetea baino nahiago nuen etxean programatzen geratu. Hasieran, gurasoek ez zuten ulertzen. Parrandara irteten hasi nintzenean, ordea, aitortu behar dut hori ere gustatu zitzaidala.

Jokoetan jolasten noiz hasi zinen?

Zazpi urte nituela, kontsola eta ordenagailuko jokoekin hasi nintzen. Lehen jokoa Game Boy-ko Pokemon Amarillo izan zen. Gurasoek ezkutatu egiten zidaten. Egunean gehienez 15 minutuz jokatzeko baimena nuen. Beldurra zitzaien bideo jokoei. Orain ere ez dira oso ondo ikusiak, baina normalizatu egin da: ia mundu guztiak jokatu izan du noizbait eta eskuragarriago daude; erabilera demokratizatu egin da.

“Hil egin naiz” esaten dugu bideo jokoetan. Murgildu egiten gara partidetan, emozioak sorrarazten dizkigute bideo jokoek. Zergatik harrapatzen gaituzten? Mundu erreala baino interesgarriagoak izan daitezkeelako batzuetan, eta hor dago haien arriskua.

Zein dituzu gustukoen?

Joko arraroak probatzea gustatzen zait. Gehien estrategia jokoak gustatzen zaizkit; karta jokoak, adibidez. Yu-Gi-Oh!-n jolasten hasi nintzen txikitan: karta fisikoekin jolasten zen. Zestoan, batzuk elkartu ginen. Bartzelonan, Magic: The Gathering karta jokoan jolasten hasi nintzen, estrategia jokoetan famatuena da. Karta joko klasikoa. Lagun talde bat osatu, pixkanaka kartetan inbertitu, eta torneotara joaten ginen. Asko bidaiatu genuen; Sevilla, Italia, Norvegia, Madril eta Parisera joan ginen. Joko horretan ona nintzen, eta ikusten nuen hobetzen nindoala pixkanaka. Kategoria ezberdinak egoten dira txapelketetan eta Magic-en maestro mailara iritsi nintzen. Europan, bi milioi erabiltzailetik ehun eta gutxigarren postuan egotera iritsi nintzen. Orain joko berri bat atera da, Legends of Runeterra, estrategia jokoa da. League Of Legends (LOL) joko famatuaren sortzaileena da, eta Europan 88. postuan egotera iritsi naiz. Guztira, milioi bat erabiltzaile inguru daude.

Zein dimentsio dute bideo jokoen eta informatikaren sektoreek?

Entretenimenduaren sektorea, pornografiaren ondoren, diru gehien mugitzen duen sektorea da. Lehen, kontsumitzaile gehienak gizonak ziren, baina gaur emakume asko daude. Informatikariak, aldiz, lehen emakumeak ziren gehienak, administrari lanekin lotzen baitzen. Profesionalizatuz joan zen, eta, orain, % 2 soilik da emakumea. Estatu Batuetan gehien eskatzen den hirugarren lanpostu da.

Hemendik urte batzuetara, kodea irakurtzen ez dakiena analfabetotzat hartuko da nire ustetan. Ordenagailuz inguratuta bizi gara, eta garrantzitsua da haien funtzionamendua ulertzea. Kodea irakurri eta ulertzeak, gaur gaurkoz, ordenagailuak kontrolatu eta guretzat lanean jartzeko boterea ematen digu.

Botere horrek ez al dizu beldurrik ematen?

Ez. Adimen artifizialari buruz zenbat eta gutxiago jakin, orduan eta beldur handiagoa erakusten dugu horren aurrean. Asko sinesten dut adituengan, bizia ematen baitute beren ofizioagatik; pasioz egiten dute. Erabakiak, politikoengan utzi beharrean, adituek hartu beharko lituzkete. Erabakitzeko, ezinbestekoa da informazioa izatea, eta adituak dira beren esparruari buruz informazio gehiena dutenak.

Ikasketetara itzuliz, Matematika eta Software Ingeniaritza Graduak ikasi zenituen Bartzelonako Unibertsitatean.

Fisika Elektronikoko Graduan matrikulatua nengoela, gradu bikoitz honen berri izan nuen. Ikusi bezain pronto, garbi nuen hau zela nirea. Hogei plaza zeuden, ordea, eta hautaketa prozesu bat pasatu behar izan nuen. Txikitatik nuen garbi matematika edo informatikari buruzko zerbait ikasiko nuela; ez nekien biak batera ikasi ahalko nituenik. Jakin gabe, etorkizunean lan aukera zabala izango zuen karrera batean sartu nintzen. Gaur egun, sekulako eskaria dago.

Bartzelonara egin zenuen salto 18 urterekin

Bizitzan hartutako erabakirik onena izan da. Asko eman didate hiriak eta bertan ezagututakoek. Klasean 20 ginen, eta gure artean oso ezberdinak, baina guztiok matematika eta informatikarekiko pasio bera konpartitzen genuen.

Bartzelonan adiskidetu nintzen neure buruarekin. 22 urte nituen. Gogoan dut kalera irten eta neure buruari esan niola: “Martin, biziya konpondu dezu”. Neure buruarekin gustura sentitu nintzen lehenengoz. Asko aldatu da ordutik nire bizia. Han ikasi nuen neure buruarekin aske sentitzen, neu ezagutzen, onartua izaten, nire esentzia errekuperatzen… Zestoan eta DBHn nire alderdi arraroak ezkutatu egiten nituen, atentzioa ez emateko, ni oso zoroa bainaiz. Nortasun originala berreskuratzea izan da betidanik nire helburua. Horren aurka aritu izan naiz bizi osoan. Jendearen heldutasun mailak eta neure propioak asko lagundu didate prozesuan. Orain ni neu naiz une oro, eta jendeak ulertzen du nire tontakeriak direla, Martinen tontakeriak, eta listo!

Eta ikasketa aldetik?

Klaseak katalanez ziren. Dragoi Bola ikusiz ikasi nuen hizkuntza. Karrerako lehen urtea iraultza bat da inoiz ez bada matematika formala zer den ikusi. Hasieratik hasten da arrazoinamendu logiko batekin ikasten, “Zer da zenbaki bat?” eta antzeko galderei erantzunez.

Irakaslea etortzen zen, bi orduz arbelean idazten egoten zen hitzik egin gabe, eta klase guztia isilik, arretaz entzuten. Klasetik irteten ginenean, klasekideekin eztabaidatuz ikasten genuen. Talde polita osatu genuen. Oso aktiboak ginen, parrandara irteten ginen, bidaiak egiten genituen…

Zer da matematika zuretzat?

Pentsamendu abstraktu objektiboa da, logika. Filosofia pentsamendu abstraktu subjektiboaren analisia bada, subjektibotasun hori kendu eta galderak objektiboki arrazoitzen baditugu, matematika da. Filosofiatik gertuago dago zientziatik baino.

Matematikarien lana da gauza zailak ahalik eta modu sinpleenean azaltzea. Matematika izatez zaila baita. Gizarteko milioika arazo modu oso sinplean, teoria bateratu batekin, azaltzeko gaitasuna du; hori da matematikak duen boterea. Matematika aplikatuan, zenbait arlo sartzen dira, hala nola ingeniaritza eta fisika. Matematika purua da niri gustatzen zaidana.

Manchesterreko Unibertsitatean egin nuen masterra matematika puruari buruzkoa zen, zehazki, MSc- Pure Mathematics & Mathematical Logic izena zuen. Matematikak berak dituen hutsune teorikoak betetzeko balio duen matematika da. Zerbait zenbat eta erabilezinagoa izan, orduan eta gehiago interesatzen zait.

Manchesterreko masterra amaitu ondoren, zein bideri jarraitu zenion?

Doktoretza egitea zen nire ideia, eta unibertsitateak aukera eskaini zidan. Ikasi eta pentsatzeagatik kobratzea lan ideala zen. Ordura arte, bi ikerketa lan potolo eginak nituen, eta bietan sentsazio bera izan nuen; tutoreek baldintzatzen nindutela eta proiektua nik nahi bezala ezin nuela egin. Beraz, nire kasa doktoretza moduko bat egitea erabaki nuen. Tutore eta soldatarik gabeko doktoretza. Gurasoen etxera itzuli nintzen, Eusko Jaurlaritzako diru-laguntza bat eskatu nuen, eta ikerketa proiektu propioa lantzen hasi nintzen.

Hiru urtez jardun duzu horretan.

Informatika komunitatearentzat proiektu handi bat egiteko ilusioa nuen. Eman didan guztiaren zati bat itzultzeko modua izan da. Informatikan, Open Source edo kode irekia izeneko kontzeptu bat dago: jendeak Interneten jartzen ditu bere lanak eskura, doan. Filosofia hori informatikaren sorreratik existitu da, eta gaur egungo informatika horri esker eraiki da.

Nire proiektuaren helburua bideo jokoetako programazio hizkuntza bat sortzea izan da. Hizkuntza naturalak ditugun bezala, ordenagailuekin hitz egiteko hizkuntza formalak erabiltzen ditugu. Hizkuntza horrek bere gramatika, hiztegia, sintaxia eta semantika ditu. Nire interes arloa beti izan da bideo jokoena, eta horretan aplikatu dut proiektua. Bideo jokoetan gertatzen diren gauzak ahalik eta hobekien azaltzen dituen programazio hizkuntza bat sortzea izan du helburu. Hasieran ez nekien nondik hasi, merkatua ezagutu, non dokumentatu, nola finantzatu, nola aurkeztu… Ikasketa prozesu bat izan da. Egun, produktua sortuta dago, gustura nago egindako lanarekin, eta uste dut oso erabilgarria dela. Orain, sektoreari denbora eman behar zaio joerak egonkortu daitezen. Estatu Batuetako beka batera aurkeztu dut, eta erantzunaren zain nago. Epic Games izeneko beka bat da, Fortnite bideo joko famatuaren sortzaileena.

Norbaitek proiektua ikusi nahi badu, non ikus dezake?

minim.tools webgunean dago eskuragarri. Proiektuak “M” izena du, eta webgunean bertan bideo eta dokumentazio guztia kontsultatu daiteke. Garapen prozesuan dagoen proiektua da. Hori da kode irekian jartzeak duen grazia, beste norbaitek garapenarekin jarraitu dezakeela.

Zure afizioa ofizio bilakatu da.

Ikasketei errentagarritasun ekonomikoa ateratzen hasi naiz. Pertsona bakartia naiz, bakarrik gustura egoten naiz, baina naturalki badugu sozializatzeko beharra. Lanean hasteko arrazoietako bat informatika eta teknologiari buruzko elkarrizketak elkarbanatzeko aukera izatea zen. Momentuan, produktua sortzen egiten dut lan, baina nire profila ikertzailearena da. Esperimentatzea gustatzen zait, ez hainbeste sortzea.

Unibertsitateko irakasle aritzea ere gustatuko litzaidake etorkizun batean. Aspaldidanik ematen ditut klase partikularrak; erakuste prozesua asko gustatzen zait. Gurasoak ere biak irakasleak dira, eta horrek ere agian eragina du.

Non ikusten duzu zeure burua etorkizun batean?

Alde profesionaletik, Euskal Herria ez da lekurik egokiena. Ikerketa aurreratuan oso atzeratuta gaude, teknologikoki zein kulturalki. Baina lan honek etxetik egiteko aukera eskaintzen du. Silicon Valley-n ikusten nautela etorkizun batean esaten didate askotan. Ez dut interes berezirik han bizitzeko. Horrek ez du esan nahi bertako enpresa batentzat lan egitea gustatuko ez litzaidakeenik.

Ordenagailuko teklez gain, beste tekla batzuk ere jotzen dituzu, pianoarenak.

Beste arte espresio bat da, humanoagoa. Bideo jokoek kanpotik barrura eragiten dute, eta pianoak, berriz, barrutik kanpora. Emozioak kudeatzeko tresna da. Niretzat jotzen dut. Azkenaldian jazza izan da nire deskubrimendua, eta horri esker berreskuratu dut afizioa. Jazzak duen askatasunetik ikasi behar nuen txikitan, eta ez ikuspuntu klasikotik.

Teorikoki, musika matematikatik oso gertu dago, musika teorikoki ulertzea oso interesgarria da, arrazoinamendu teoriko logiko batekin.

Motxian

    • Bideo joko bat: Ratched & Clank
    • Esaldi bat: “Batzuetan beharrezkoa da gurpila berriz asmatzea; ez gurpil gehiago behar ditugulako, asmatzaile gehiago behar ditugulako baizik”.
    • Pertsonaia bat: ni
    • Bidaia bat: Mexiko
    • Abesti bat: My Way, Frak Sinatrarena
    • Youtube-ko kanal bat: Adam Neely, musikari buruzko kanala
    • Liburu bat: C, The programing language

Sara Matsutani Arrizabalaga




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide