Albisteak

Jon Artanori eman diote Tene Mujika beka

Jon Artano (Argazkia: utzitakoa)

Anderik ande izeneko liburua idatziko du Artanok urtebeteko epean. Lan horretan, Amerika eta euskaldunen arteko harremanak aztertuko ditu.

Jon Artano kazetariarentzat izango da XVI. Tene Mujika beka. Euskal Herrian azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak emandako laguntza horrek. Idurre Eskisabelek, Aitor Zuberogoitiak eta Imanol Muruak osatu dute aurtengo epaimahaia. Artanok urtebeteko epea izango du lana egiteko, eta liburu gisa argitaratuko da. Anderik ande izenburua izango du eta Amerika eta euskaldunen arteko harremanak aztertuko ditu. Saria pozez hartu du zestoarrak eta berria “erabateko bultzada” izan dela azpimarratu du.

Artanok kazetaritza bidaia bat egingo du Andeetan barrena: Argentinan, Txilen, Bolibian, Perun, Ekuadorren, Kolonbian eta Venezuelan izango da eta han jasotakoak jasoko ditu liburuan. “Gure memoria historikoa Euskal Herritik kanpo ere jaso daiteke. Historia hurbilean zeresana izan duten egoera edo prozesuetan protagonista izandakoen historiak bilduko ditut proiektu honetan” azaldu du. Andeak zergatik galdetutakoan, Artanok dio, euskaldunak inora joan bagara, Andeetara dela, eta Hego Amerikan korrespontsal gisa egon zen garaian konturatu zela pertsona mordoxkak arrastoa utzi dutela han arlo ezberdinetan -hala nola zientzian, politikan edo kulturan- . Arrasto horien bila sei hilabete inguru emango ditu Artanok. Otsaila erdialdean hasiko du bidea eta abuztuan bueltan izatea aurreikusten du. Denbora horretan, istorio asko biltzeko intentzioa du: “Han jazotako istorio asko ez daude Euskal Herriko iruditegian, jendeak ez ditu ezagutzen eta horrek pena ematen dit garrantzitsuak direlako”.
Hego Amerikara bueltan
Hiru urte eman zituen Artanok Hego Ameriketan EITBrentzat korrespontsal lanetan. Oraingoa esperientzia ezberdina izango dela dio:  “Pilatutako grinei eta ezinei buelta emateko aukera bat da, kontu kitatze bat. Korrespontsal zaudenean, kazetaritza egiteko modua zure mende dago, baina baita komunikabidearen mende ere. Lan horrek berehalakotasuna eskatzen du, tarte laburretan kabitzea eta orain, beste era batera egin nahi dut, su txikian”.
Istorio andana
Andeak hegoaldetik iparraldera zeharkatuko ditu eta bidean istorio andana bilduko ditu. Horien artean, duela 35 urte Ekuadorren indigena batzuk hildako Alejandro Labaka Beizamako elizgizonaren istorioa jasoko du. Bere kide izandakoak ezagutu eta elkarrizketatuko ditu. Perun, berriz, Aritza Monasterio mendizale ezagunarekin bilduko da eta Bolivian, Xabier Azkargortarekin.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide