Albisteak

Karrozak eman zien hasiera Karmen festei Arroabean

Atzo, uztailak 15, hasi ziren Karmenak jaiak Arroabean, herritarren parte-hartze eta gogo handiarekin. Jai eguna 18:00etan hasi zen, herritar talde bat Katzaola baserrian bildu zenean, DJ Patxek musikak jartzen zuelarik.

Ospakizuna auzo osora zabaldu zen baserri ezberdinetara bisita eginez. Bertan zeuden bi karrozek musika eramateaz gain, txorizo eta urdai pintxo gozoak ere eraman zituzten, momentuan prestatu zirenak. Karmentxu eta karrozak, auzokideekin batera, festa giroa sortzea lortu zuten, bertaratutako guztiak dantzan jarriz.

Iluntzean, Ederki elkarteak frontoian afari herrikoia antolatutako zuen. Afalostean, Andoni Oilokiegi eta bere lagun biolin-jotzaile bat bertaratu ziren guztiak kantuan jartzera, lagunarteko giro dibertigarria sortuz. Gauari amaiera emateko, DJ Patxek musikaren lekukoa berreskuratu zuen, festak ordu txikiak arte jarraituko zuela ziurtatuz.

Gaur karmen eguna dela eta, festak jarraituko du: 12:00etan meza egingo da eta ondoren Zestoako Itxaropena dantza taldeko umeek emanaldia eskainiko dute plazan. Arratsaldean, 17:30ean Herri Kirolak egingo dira, eta 19:00etan inguruko sagardoen dastaketa, Etxebarria aita-semeak alaituta.

Baina festak ez dira bi eguneko gauza bakarrik izango, ostegunetik iganderarte ere auzotar eta bisitariek izango dute zer gozatua Arroabean. Ikusi programa osoa hemen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide