Albisteak
Kobaz Koba lasterketaren aurkezpen ekitaldia izan da gaur goizean
— 2025-01-30
Berrikuntzekin dator Kobaz Koba Trailen 9. edizioa; Dorsalak aurrez hartzeko aukera izango da, Erdikalean goitik behera aterako dira korrikalariak eta helmugaratzea Elizkaletik barrena egingo duten.
Gaur goizen izan da otsailaren 9an ospatuko den Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren aurkezpena Zestoako Udaletxeko Pleno Aretoan. Bertan izan dira Iñaki Serrano, Agiro Mendi Klubeko kidea, Emiliano Pérez, boluntarioen ordezkari gisa, Mikel Arregi, Zestoako alkatea eta Juanjo Aranburu, Arazi IKTko zuzendaria.
Aurkezpen ekitaldiari Juanjo Aranburuk eman dio hasiera, lasterketaren 9. edizio honen xehetasunak azalduz. Aranbururen hitzetan, aurten ere parte-hartzaileek izugarrizko interesa erakutsi dute: ibilbide motzeko izen-ematea minutu eta erdian agortu zen, eta ibilbide luzekoak bost minutu ere ez ziren behar izan.
Guztira, 695 dortsal banatuko dira, horietatik 160 emakumeentzat, iazko edizioan baino 23 gehiago. Zestoako 96 korrikalarik izena eman dute, iaz baino 27 gehiagok: horietatik 79 ibilbide laburrean eta 17 ibilbide luzean lehiatuko dira. Gehienak Euskal Herriko parte-hartzaileak dira, batez ere Urola eskualdekoak, baina badaude Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Arabakoak ere. Gainera, Kataluniatik datozen parte-hartzaileak ere izango dira.
Aurten, dortsalak jasotzeko aukera gehiago egongo dira. Otsailaren 1, 2, 4, 5, 6, 7 eta 8an Zestoako Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira 10:00-13:30 eta 14:30-17:00 bitartean, eta baita lasterketa egunean bertan ere.
Ibilbideei dagokienez, Zaldei (26km) lasterketaren irteera 9:00etan izango da, eta Artzei (15km) ibilbidekoa, berriz, 10:00etan. Bi ibilbideek Zestoako Plazan izango dute irteera eta helmuga. Lasterkariek kiroldegian hamaiketakoa egiteko aukera izango dute, eta bertan egongo dira dortsal banaketa-gunea, dutxak eta arropa-zaindegia ere.
Aurtengo edizioan hiru aldaketa txiki egongo dira ibilbideetan: Ertxiña inguruan ibilbide aldaketa egingo da, bestea Endoian, eta helmuga inguruan ere berrikuntza izango da. Aurten, parte-hartzaileek Alonderoko aldapa igo beharrean, Larrain kaletik igoko dira, ondoren Elizkaletik pasa eta plazan helmuga izango dute.
Iñaki Serranok animatu diren 150 boluntarioen jarrera ona azpimarratu nahi izan du. Aurten, boluntario asko ate joka etorri dira laguntzeko prest, eta bai boluntarioen jarrera, bai baserritarrena ere goraipatzekoa dela nabarmendu du. Era berean, eskerrak eman dizkie guztiei, lasterketaren antolaketan izan duten prestutasunagatik.
Ekitaldiari amaiera emateko, Mikel Arregi Zestoako alkateak hitza hartu du. Arregiren esanetan, Zestoa lan-komunitario handiko herria da, eta Kobaz Koba Trail mendi lasterketa horren erakusgarri argia da. Gainera, lasterketa honek Zestoako ondare arkeologikoa balioan jartzeko helburua ere betetzen duela nabarmendu du.
Egin zaitez bazkide