Albisteak
Komun publikoetan izandako “txikizioak” gaitzetsi ditu udalak
— 2022-01-04Gurutzeko komun publikoak denbora gutxian jasan dituen “txikizioak” gaitzetsi ditu Zestoako Udalak. Herriko kalean komun publikoa izatea “lehentasunezko zerbitzu bat” dela gogorarazi du erakundeak eta “guztiona den” ondare publikoaren aurkako erasoak “benetan onartezinak” direla. Udalaren esanetan, “txikizioak”ez dira bat-batean pentsatuta egindakoak: “Komuna bandalismo kalteak gutxien eragin ahal izateko eginda dago eta kanpoko babes losak apurtzeko plakak erabili dituztela garbi ikusi da” azaldu du. Komuna konpontzeko lanen balorazio ekonomikoa 1.052,58€koa dela gaineratu du.
Erakundeak azaldu du komunaren kokapenak sare sozialetan zenbait kritika eragin dituela baina Zestoako Udalak azpiegitura horietan adituak direnen irizpideak jarraitu dituela nabarmendu du; esaterako, hoditeria obra zibilaren bideragarritasuna edo komuna oinezkoek ohiko igarobidean kokatzea hartu ditu kontuan Udalak.
Bestalde, ikastetxean behin baino gehiagotan “era guztietako txikizioak” egin direla gogorarazi du eta “guztiona den ondare publikoa” kaltetzea zigorgarria dela azpimarratu du. Hori horrela, Zestoako Udalak antzeko jarduerak isun bidez zigortzeko araudia onartuko du epe motzean.
Egin zaitez bazkide