Kulero gorriak
— 2017-12-19Bada denbora azken aldiz zuentzat idatzi nuenetik, pentsa, ordudanik eliza ere ezta gai izan osorik mantentzeko. Komunitateari jarri nion izenari begiratuz, pentsatzen nago orain zerbait idazteak ba ote duen zentzu izpirik. Izan ere, ez nago neure Bartzelonako logelan giltzapetuta, pisu-kideen konpainiatik isolatuta. Ez nago Nire Barnan, nirea izendatu nuen hiri handian, baina neure barnean nago une oro, eta gainera inoiz baino gehiago.
Hala ere, momentu honetan Nire Barnara murgiltzera ausartu zaren hori, galdetu nahiko nizuke nor zaren, ea neure Bartzelonako abenturatxoak jarraitu dituzun, ala neure idazteko moduak orain dela bi minutu sortu dizun jakin-mina. Neure herrikoa zaren, alboko herrikoa edo sekula betiko lurraldekoa. Jakin nahiko nuke ezagutzen zaitudan, ez dakidala nor zaren, edo inoiz gurutzatu izan zaitudala parrandaren batean. Jakin nahiko nuke ea zuri irribarretxo bat ateratzeko gai izan naizen, edo aspertzearen ondorioz, idatzia erdi irakurrita utzi duzun. Jakin nahiko nuke zure barnea hutsa ala betea dagoen, eta zerk hustu edo betetzen duen, zertaz hustu eta betetzea gustatuko litzaizukeen.
Jakin nahiko nuke irakurle, ea zoriontsu zaren. Ez ezazu pentsa auto-laguntzako idatzi xume bat eskaini nahi dizudanik. Baina urtea amaitzear daukagun honetan, isilean bada ere, egongo da urte berriari eskatzeko desioa pentsatu duenik, eta egongo da jada barruko arropa gorria prest duenik ere. Nire kulero gorriei begira jarri, eta eskatuko niekeen desioa pentsatzen hasita, bakarra etorri zait melankoniaz beteriko neure barnera, zoriontsu izatea.
Zer da ordea, zoriontasuna? Galdera zaila dirudien arren, erantzun txiki handiak zailtasun handirik gabe aurkitu ditut neuk behintzat. Neuretzat besteak beste zoriontsu izatea, eskatu gabe behar diren besarkadak jasotzea da, zoriontasuna gitarra eskuan hartu eta eztarria lehertu arte abestea da, kaletik zoazela arrazoirik gabeko irribarre bat egitea. Niretzat zoriontasuna leihora irten eta gailurrik garaienean nagoela sentitzea da, haur nintzeneko argazki bat begiratzea, egun hotzak goxatzen dituen txokolate beroa hartzea, liburu bat irakurtzen gozatzea, behin eta berriz kantu bera entzutea, eta neure imajinazioaren mugagabeko munduan murgiltzea. Niretzat zoriontasuna maitatzea eta maitatua izatea da. Goizeko ordu txikitan hitz hauek idaztea da zoriontasuna, eta berauek irakurtzen ari zarela jakitea.
Neuretzat zoriontasuna, kulero gorrien beharrik ez izatea da.
Egin zaitez bazkide