Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Apirilaren 25ean, larunbata, Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuen bilketa egingo da. Hitzordua Gesalaga kalean izango da, 10:00etatik 14:00etara, eta herritarrei beharrezko materiala eramateko deia egin diete antolatzaileek.
Ekimenaren atzean Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) daude, Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. Urola Erdiko beste herri batzuetan ere egingo dute bilketa, baina Zestoako hitzordua larunbatean izango da.
Batez ere, elikagai ez galkorrak (pasta, lekaleak, esne-hautsa, olioa…), material sanitarioa, higiene eta garbiketa produktuak, baita eskola eta kirol materiala ere jasoko dituzte. Produktuek iraungitze data luzea izatea eskatu dute.
Antolatzaileen arabera, Kubako egoera “oso larria” da gaur egun, oinarrizko produktuen eskasia, itzalaldiak eta erregai faltak eguneroko bizitza baldintzatzen baitute. Horren aurrean, elkartasunez erantzuteko deia egin dute.
Bestalde, nahi duenak diru ekarpena egiteko aukera ere izango du bilketa puntuan bertan.