Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Udaleko langileek bi orduko lanuztea egin dute gaur, ELA eta LAB sindikatuek deitutako mobilizazioaren barruan. Lanuztearekin batera, langileak plazan elkartu dira euren aldarrikapenak plazaratzeko. Hori dela eta, udal zerbitzuak itxita egon dira 11:00etatik 13:00etara.
Langileek azaldu dutenez, lanuztea EUDEL-ek (Euskal Autonomia Erkidegoko udalen elkartea) deitutako Udalhitzeko mahai negoziatzailearen bezperan egin dute, udal langileen eskaerak negoziazio mahaietara eramatea exijitzeko. Udalhitz, berriz, EAEko udaletako lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen kolektiboa da.
Langileek salatu dute urteak daramatzatela lan baldintzak hobetuko dituen akordio integralik gabe, eta Udalhitz hitzarmenaren negoziazioak ez duela aurrerapauso handirik eman. Haien esanetan, “EUDELek mahai gainean jarritako edukiak eskasak eta zehaztugabeak dira”, eta soldata zein enpleguari lotutako gaiak bertan negoziatu behar direla aldarrikatu dute.
Testuinguru horretan, mobilizazio eta greba dinamika abiatu dutela gogorarazi dute, eta ohartarazi dute borrokarekin jarraitzeko asmoa dutela. Hala, maiatzaren 14an eta ekainaren 4an egun osoko grebak deitu dituzte EAEko udaletxe guztietan.
Amaitzeko, mobilizazioan parte hartu duten langileak zoriondu dituzte, eta borrokari eusteko deia egin dute, alderdi politikoei presioa eginez langileei dagokiena lortu arte.