Albisteak
Lili Jauregiko bisita antzeztuen denboraldi berria hasiko da larunbatean
— 2024-03-07Larunbatean emango zaio hasiera bisita programatuen denboraldi berriari Lili Jauregian. Aurtengoan ere, martxoaren 8ko lelo eta aldarrikapenarekin bat egiten du Lili Jauregiko antzezpenen denboraldi berriaren hasierak: “Zuetaz Harro”. Izan ere, lilitarren linaiari hasiera eman ziona emakume bat izan zen eta ondoren ere Lili Jauregia emakumeek gobernatua agertu izan da hainbat garaitan.
Datu historikoetan oinarritua
Antzezpeneko protagonista, Andre Madalen, XVII. mendeko euskal emakumea eta lilitarren leinuko azken biztanlea da. Datu historikoetan oinarritutako antzezpena da eta ikerketa historikoetan oinarritutako gidoia du. Emakume langile mobilizatu eta ez konformistaren irudia erakusten du. Antzezlana beti talde txikitan gozatzen da eta ikusleak antzezpeneko parte izaten dira.
Lili Jauregia da antzezlanaren benetako eszenarioa. Pertsonaia historikoekin eta hezur-haragizko aktore baten dramatizazioarekin, Andre Madalenek bisitariak 1678. urtera eramaten ditu. Bidean, bakarrizketa baten bitartez, bisitariek jauregia eta nortasun handiko euskal emakume paregabearen istorioa ezagutuko dute.
Denboraldi berria
Andre Madalenen papera herriko bi antzezlek interpretatuko dute; Inma Izetak eta Maialen Kortadik. Hauen hitzetan, “prest eta gogotsu” ekiten diote denboraldi berriari eta “oso harro” daude benetan existitu den beraien herriko pertsona bat interpretatzen ari direlako. Eta gehitu dute: “Gainera, emakume boteretsu, indartsu eta borrokalari bat izan zen, pasa zituenak pasa eta gero, etxea gobernatzearen ardura beregain hartu zuen.”
Sarrerak
Larunbatetan bi saio izango dira, 16:30ean gazteleraz eta 17:30ean euskaraz. Igande eta jai egunetan, berriz, 11:30ean gazteleraz eta 12:30ean euskaraz. Sarrerak aldez aurretik erostea gomendatzen da plaza mugatuak direlako. Salgai daude dagoeneko zazpi euroren truke eta sei urtetik beherako haurrek doan izango dute sarrera. On-line erosteko helbidea ondorengoa da: https://www.ekainberri.eus/eu/lili-jauregia/. Informazio gehiagorako: info@ekainberri.com eta 943 86 88 11
Egin zaitez bazkide