Albisteak

Loreto Fernandezek organo kontzertua eskainiko du larunbatean Aizarnan

Loreto Fernández Imaz donostiarrak organo kontzertua eskainiko du  datorren larunbatean, hilak 24, eguerdiko 12:30ean hasita, Aizarnako parrokian. Adam Ileborgh von Stendal (1448), Antonio de Cabezón (1510-1566), Francisco Correa de Arauxo (1584-1654), Pablo Bruna (1611-1679), Pablo Nasarre (1664-1724), Joaquin Oxinaga (1719-1789) edota Manuel de Gamarra (1723-1791) musikarien piezak joko ditu Fernándezek, besteak beste. Organo eta klabezin-jolea da donostiarra. Zazpi urterekin hasi zituen musika ikasketak. Geroztik etengabe ari da lanean eta Musikeneko irakaslea da egun. Euskadiko Orkesta Sinfonikoarekin edota Peñafloridako Kaperarekin ere grabazio zein kontzertuak eskaini ditu.

Antolatzaileen arabera, Aizarnako organoak balio “historiko” eta “artistiko” handia du. Bertako inskripzio baten arabera, 200 urte baino gehiago ditu. Joan Manuel Betolaza donostiarrak egin zuen organoa 1792. urtean, Aizarnako eliztarren aginduz. Garai hartan, Joan Zabala eta Joseph Antonio Olaskoaga ziren ordezkariak. Joakin Unzueta fraide frantziskotar eta organogileak aztertu zuen organoa eta 8.910 errealeko balioa ezarri zion. Ordutik, bi aldiz zaharberritu dute, Jose Amezuak 1180an eta Hernaniko Alejandro Usabiaga organogileak 1982an.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide