Matxismoaren eta faxismoaren aurrean kaleak hartu

1910ean, Emakume Sozialisten Bigarren Internazionalean, Clara Zetkinek Emakume Langileon Nazioarteko eguna egitea proposatu zuen. Egun hori borroka eguna izango zen. Zoritxarrez, desitxuratu egin dute: gaur egun, martxoaren 8a morez markatuta dago egutegietan, baina guztiz galdu du historikoki izan duen zentzu iraultzailea. Bitartean, borroka egun hori ate joka dugun honetan, enpresa handiak eta instituzioek jada fondo morea jarri dute haien webgune edo sare sozialetan, eta “gu ere Martxoak 8” dioten lonak jarri dituzte lantegi, ikastetxe zein eraikinetan. Politikagintzan, alderdiek emakumeon aldeko aldarriak egiten dituzte, baina bizi dugun zapalkuntza gainditzeko borondate zein gaitasun eza nabarmena da.

Errealitate gordin horren parte dira emakumeok egunero jasan behar izaten ditugun irainak, mespretxuak, jazarpenak, sexu-abusuak eta abarrak. Aste honetan bertan, adin txikiko emakume bati sexu erasoa egin diote Txantrean, eta pasa den astean 20 urteko neska bat erasotu zuten bi gizonezkok Gasteizen. Azken aldian modu kezkagarrian areagotzen ari diren ideia zein jarrera matxista eta erreakzionarioak ere errealitate horren parte dira. Eta gure herria ez da salbuespena. Zestoan ere, orain dela aste batzuk egin genuen matxismoaren kontrako collagea erasotu dute eta mezu faxistak idatzi dituzte bertan. Ez behin, bi aldiz erasotu dute. Ezin diegu biderik utzi horrelako jarrerei, ez herrian, ez beste inon. Bizi dugun egoera gordina da, eta urgentziazkoa da era antolatuan erantzutea.

Egoera honen aurrean, datorren Martxoak 8 honetan, 1910eko emakume sozialisten lekukoa hartu eta egunaren zentzu iraultzailea berreskuratu  behar dugu; horretarako, ezinbestekoa da emakume langileok matxismoaren zein faxismoaren aurrean lehen lerroan egotea. Atera gaitezen kalera, bete ditzagun aldarri iraultzailez eta era kolektiboan egin diezaiogun aurre ideia zein jarrera matxista eta erreakzionario orori. Horretarako aukera izango dugu larunbat honetan 19:00etan Zestoako plazan. Ni han izango naiz, lehen lerroan.

Naroa Aizpuru




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide