Mauriziaz jantzi nintzen
— 2023-02-22Maurizia Aldeiturriaga Zeberioko Egia auzoan jaio zen, 1904ko urriaren 22an. Ahots basatia zuen, gordina, alboka batena bezalakoa. Mauriziaren etxeari musika omen zerion, aitak eta anaiak panderoa jotzen baitzuten.
Maurizia langile saiatua zela diote; baserritar saiatua, indartsua eta arduratsua. Bederatzi urterekin lanean hasi behar izan zuen, lehenik neskame Basurtun eta ondoren fabrikan Ugaon. Giro horretan hasi zen koplak kantatzen eta panderoa jotzen, eta hamabi urte besterik ez zuela hasi zen jaiegun eta festetan herriko plazetan jotzen. Hamazazpirekin ezagutu zuen senarra, trikitilaria bera. Haien etxeak ere bazuen musikarik.
Maurizia zerbait bazen, indarra zen; bizitza ez zen erraza izan musikariarentzat, eta horrek ere, asko eragin zuen bere jotzeko moduan. Gerra garaian senarra atxilotu eta Puerto de Santa Mariara eraman zioten. Musika eten egin zen Mauriziaren etxean.
Gerraondoan, soinuak berreskuratzen hasi zen, tarte horretan, ospetsua bihurtu zen Mauriziaren ahotsa; eta bere ahots eta soinu erradikala aldarrikatzen jarraitu zuen 1988ko maiatzaren 19an hil zen arte.
Pasa den larunbatean disfrazatuta irten nintzen kalera. Batzuentzat amona bat nintzen, besteentzat talogilea, baserritarra edo besterik gabe asko pentsatu gabeko disfraza. Bozgorailuan bere musika jarri eta panderoa jotzen hasten nintzenean, inork gutxik identifikatzen zuen nire pertsonaia. Beste batzuk zertaz nindoan galdetzen zidaten, eta Maurizia nintzela esatean ez zekiten nortaz ari nintzen.
Emakume izate soilagatik askok ez dute merezitako ospea eskuratu eta euren lan, zein borrokak ahaztuak gelditu dira. Mauriziak sekulako iraultza musikala ekarri zuen euskal gizartera, eta hala, euskal kulturako emakumeentzat erreferente garrantzitsu bilakatu zen. Horregatik, Mauriziari merezi duen lekua eman nahi izan nion.
Beste difraz bat jantzi nezakeen, egia esan, beste disfraz bat pentsatuta nuen, seguraski barregarriagoa, eta agian jende gehiagorentzat ezagunagoa, baina nik Mauriziaz janztea erabaki nuen.
AUPA MAURIZIA!
-Maurizia.
-Zer, Teodora?
-Jende askok galdetu dit ea zergatik esaten duzun “Aupa, Maurizia” plazan jotzen ari zaren bitartean. Eta egia esan, neuk ere ez dakit zergatik egiten duzun.
-Teodora, horrek erantzun erraza dauka ba! Neronek aupatzen ditut Leon eta Fasio, baina ni nork aupatzen nau? Leonek ezin du berbarik egin alboka jotzen duen bitartean…eta Fasio totela da! Bietako zeinek animatuko nau ni?
-Arrazoi!
-Horregatik esaten diot nik neure buruari… Aupa, Maurizia!
Egin zaitez bazkide