Albisteak

Mikel Ibarguren aktorearen ‘Azken otsoak’ lana Zinebi jaialdiko sail ofizialean izango da

Datorren azaroaren 9an hasiko da Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 60. edizioa. 124 herrialdetako 3.770 film laburretatik 52 lehiatuko dira Sail Ofizialean Jaialdiko Sari Nagusia eta animazio, fikzio eta dokumental onenaren sariak eskuratzeko. Aukeratuetan sei euskal ekoizpen daude, horien artean, Mikel Ibarguren zestoarra protagonistatzat duen Azken otsoa lana.

Iker Maguregi zuzendaritzapean aritu da Ibarguren lanean. Azken otsoan, landako familia abeltzain batek inguruko otso guztiak ehizatzen ditu, haien ardiak hiltzea leporatuta. Lasaitasuna lortu dutela uste duten arren, hurrengo goizean, hiru ardi hilik agertzen dira. Aitak eskopeta hartu eta basorako bidea hartzen du.

Ibargurenekin izan gara eta ondorengo galderak erantzun dizkigu:

Nola jaso duzu Zinebiko sail ofizialean izango zaretenaren berria?

Horrelako festibal handi batean berria jakinarazteko mezua bidaltzen dizute albistea publiko egin aurretik. Guk jakiten dugunetik prentsan zabaldu arte egun batzuk pasatzen dira eta denbora hori zaila izaten da. Albistea elkarbanatzeko gogoa izaten dugu baina itxaron egin behar.

Zer suposatu du proiektu honek zuretzat?

Niretzat sekulako proiektua izan da. Iker Maguregi zuzendariak deitu zidan proiektuaren berri emateko. Gidoia irakurri nuen momentuan nire pertsonaiarekin maitemindu nintzen. Zuzendariak libre izaten utzi nau eta hori asko eskertu dudan zerbait da.

Lantalde gaztea izan zarete, gaztetasun hori nabaritu da grabatzerako orduan izan duzuen giroan?

Jende oso gaztea ezagutu dut proiektu honetan. 40 laguneko taldea ginen, hau da ez oso ohikoa horrelako proiektu batean. Lapatx Produkzioak-ek egindako lana da eta sekulako inbertsioa egin dute. Sei eguneko grabaketa izan zen. Bilbon egin genuen eta egunero 15 bat ordu pasatzen genituen lanean. Grabaketaren zati handien kanpoan egin behar genuen, apirila zen eta hotz handi egiten zuen.

Hotza pasa bagenuen ere, oso grabazio ederra izan zen. Badakit eurekin etorkizunean ere lanean jarraituko dudala. Gauzak kontatzeko modu ederra dute, dena neurtuta daukate. Eneko Ajangizek sortutako soinu banda ere izugarria da. Oso oso gustura nago egindako lanarekin eta ezagutu dudan jendearekin.

Zer izan da grabaketako zailena? Eta errazena?

Zailena, hainbeste ordu lanean egotea, oso gogorra izan zen. Asko kostatzen zitzaidan egunean zehar nire pertsonaia kontrolatzea. Errazena, aldiz, talde honekin lan egitea izan da. Beste proiektu bat dute esku artean eta eurekin egongo naiz agian. Oso ederra da hain jende gaztea aurkitzea mundu honetan eta gainera hain profesionala izatea.

Ze proiektu darabilkizu orain esku artean? Zerbait aurreratzerik ba al duzu?

Lan askorekin nabil, oso gustura. Orain dela lau urte hasi nintzen profesionalki mundu honetan eta orain oso ondo nagoen momentu bat da, proiektu interesgarriekin. Käffka antzezlanarekin bira hasiko dugu 2019an. Hiru aste barru pelikula bat grabatzen hasiko naiz eta datorren urterako ere beste bat daukat esku artean. Pasa den udan ETBko lehenengo web-seriea grabatu dut, beste antzezlan bat ere badarabilkik hortik…




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide