Monbar Hoteleko erailketatik 40 urtera, oroimena borrokan eraiki!

Duela 40 urte, 1985eko irailaren 25ean, lau euskal errefuxiatu politiko erail zituzten Baionako Monbar hotelean: Agustin Irazustabarrena, Sabin Etxaide (Zestoarra), Jose María Etxaniz eta Iñaki Asteasuinzarra. GAL talde parapolizialak gauzatu zuen sarraskia, bi mertzenariren bidez. Zigor judizialak Frantzian iritsi egin ziren, baina estatu espainiarraren ardura politiko eta operatiboak inoiz ez ziren epaitu eta, beste behin, inpunitatea eta estatuaren bertsio ofiziala gailendu ziren.

Ezin dugu ahaztu kide horiek zeren alde borrokatu zuten eta zergatik hil zituzten. Ez dira izen hutsak, ez dira biktima soilak: militante politikoak izan ziren, Euskal Herri aske eta sozialista baten alde lanean aritu zirenak. Langile klaseak bere historia eta bere borrokalariak gogoan izan behar ditu, memoria politiko aktiboaren bidez. Hala ere, gogoratzea ez da iragana atxikitzea bakarrik, borrokaren gaurkotasuna aldarrikatzea ere bada.

Era berean, aipatu behar da Monbarrekoak ez zirela soilik frankismoaren aurka aritu. Kontrara, ulertu zuten trantsizio deitu zen prozesuak ez zuela egiturazko aldaketarik ekarri, eta, aldiz, egitura zapaltzaile berak mantendu zirela: monarkia inposatua, zapalkuntza nazionala eta soziala, errepresio poliziala eta kontrol judiziala. Horregatik, haien borrokak gaur jarraitzen du, oraindik egitura horiek indarrean daudelako. Beraz, erregimen horrekin haustea ez da iraganeko kontua, gaurko zeregina da, askapen prozesua benetan egikaritzean amaituko dena.

Gaur egun, panorama politikoa koptazioa instituzioanalaz, desmobilizazioaz eta bake sozial faltsuaz ezaugarrituta dagoen honetan, langile klaseak bere kabuz antolatu eta estrategia propioa eraiki behar du, sistema kapitalisten logiketatik at. Hori da gaurko belaunaldiek atzoko borrokalariei egin ahal diegun omenaldirik konprometituena.
Oroimena borrokan eraiki!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide