[NEPAL] Namaste
— 2019-02-02Nepaleko hiriburua zapaldu bezain pronto antzematen da munduaren beste puntan zaudela. Beroa, hautsa, jendetza, behiak, txakurrak, katuak, oiloak, tximuak kotxeak, atobusak, edozein kolore eta formetako garraiobideak… guztiak batera, eta harrigarria dirudien arren, ezinhobeto orekaturiko kaos batean.
Entzun dut zestoar asko ibili izan direla Nepaletik, eta Zestoa oraindik ez, baina Euskal Herria oso ongi ezagutzen dute hemendik. “Basque Country” esan bezain pronto “not Spain, different, different” erantzuten dute.
Lehendabiziko egunetan Kathmanduko kaleak zeharkatu genituen tenpluz tenplu, “Namaste” esanez eta irribarre eginez agurtzen ziguten topatzen genuen orok.
2015eko lurrikarak utzitako kalteak antzeman daitezke oraindik eraikinetan. Tenplu eta plaza asko berreraikitze prozesuan daude, eta bertakoen hitzetan ere sumatu daikete lurrikarak eragindako zirrara.
Emakumeak euren sari-ekin, gizonak euren txapeltxoekin… Bertako janaria ere probatu genuen, zapore berriak probatu genituen eta benetako pikantea zer den ere jakin genuen.
Kathmandu atzean utzi eta zortzi orduko bidaiari ekin genion autobusean, nepalgo musika topera jarri eta zulodun bideak eta ausarkeriaz betetako gidariak espero genituen aurretik. Autobuseko bidaiaren ondoren, helmugara iristeko estu-estu eginda, beste bi orduz jeep batean mendian gora egin genuen. Ni emakumea naizenez barruan esertzeko esan zidaten, aurrekaldean. Txoferra, gizon bat eta emakume baten alboan joan nintzen, eta hamar hilabeteko haur bat naraman mantalean. Atzeko eserlekuetan berriz, beste bost pertsona zihoazen. Ideia bat izan dezazuen, txoferrak martxak aldatu behar zituen bakoitzean alboan zuen gizonak hankak zabaldu behar izaten zituen martxak aldatzeko palanka heltzeko. Unaik ez zuen ordea ni adina zorte izan, bera atzekaldean joan zen, Zestoan karga eramateko erabiltzen den lekuan bai. Beste hamazazpi pertsonekin batera, patata zorroak, arroz zorroak, maletak eta abarren artean. Nola? Oraindik ez dakit, baina nik jendea albotik zintzilik zihoala ikusten nuen.
Eta halako batean iritsi ginen hurrengo hamabost egunetan gure etxea izango zen lekura, Gaunsaharrera.
Zein polita den batzuetan guztiz aldatzea tokiz eta talka kultural hauekin topo egitea. Hasieran ezegonkortasuna, zalantzak, erronkak ikusten dituzun lekuan, bidea eginez, zure txokoa topatzea. Hau da bidaiatzearen ederrena! Niri behintzat harrapatuta nauka sentimendu honek!
Egin zaitez bazkide