Albisteak

Odol Emaileen eskertza eta intsignia banaketa izan da larunbat goizez

Odol Emaileen elkartearentzat urteko une garrantzitsua izaten da emaileei esker onak emateko ekitaldia. Gaur zortzi emaile omendu nahi izan dituzte: 60 ateraketekin, Emaile Bikainaren diploma jaso du Niko Aldalur Manterolak, eta gaur bertaratzerik izan ez badu ere, Aitziber Gorrotxategik ere jasoko du. 50 ateraketekin, Ohorezko emailearen diploma eta urrezko intsignia jaso du Ruben Alberdik eta azkenik, 25 ateraketekin, Ohorezko emailearen diploma eta zilarrezko intsignia jaso dute IƱigo Ansuategi, Pello Gerenabarrena, Pilar Uriona eta bertaratu ez badira ere jasoko dute Mikel Unanue eta Kontxi Azpiazuk.

Mikel Arregi alkateak egin du ekitaldiko sarrera eta greba feminista, zaintza eta ekintza komunitarioa izan ditu aipagai. Odol emaileak nahiz Odol Emaileen elkartea zoriondu eta eskertu ditu.

Odol emaileek 2022an zehar 271 ateraketa izan direla aipatu dute eta aurtengo erronka nagusia gazteak erakartzea izan dela ere azpimarratu dute: “Azken finean, etorkizuna beraiek dira eta guzti honi jarraipena emango dietenak. Hainbat urteetan Zestoako odol emaile-bolondres guztion lana ezin da eten eta zaharrak erretiroa hartzen goazen heinean denon artean etorkizuna bermatu behar dugu”.

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide