Albisteak

“Pertsonak erdigunean dituzten proiektu sinesgarri, bideragarri eta jasangarrien” alde egin du EH Bilduk

Zestoako EH Bilduk datozen lau urteetarako programa aurkeztu zuen atzo arratsaldean Alonderon. Bertan izan ziren, taldeako zerrendakideak eta hainbat herritar. Amaitzear den agintaldian martxan jarritako ibilbideak eta proiektuak “sakondu eta berriak martxan jartzeko” garaia dela azpimarratu zuen Mikel Arregi EH Bilduren alkategaiak.

EH Bilduren ibilbide eta proiektuen erdigunean pertsonak daudela nabarmendu zuen Arregik. Bide horretan, zaintza komunitarioaren proiektua datorren agintaldiko egitasmo garrantzitsuenetako bat izango dela aipatu zuen: “Hautatu gabeko bakardadean, baliabide gutxirekin edo hurbileko seniderik gabe aurkitzen diren adineko herritarrak artatu eta zainduko dituen herria eraikitzen ari gara. Bestalde, etxebizitzarekin dugun arazoari behar bezala heldu nahi diogu datorren legealdian, gure herriko gazteek bertan bizitzeko aukera izango duten Zestoa bat nahi dugulako. Horretarako, alokairu sozialerako etxeak eraiki nahi ditugu bi gunetan; batetik, dagoeneko esku publikotan dagoen “Correos” eraikina zegoen orubean, eta, bestetik, epe motzean eskuratzea espero dugun Kaleokerreko eremuan”.

Kultur Etxearen birmoldaketa

Taldeak Kultur Etxea birmoldatzea proposatzen du, egungo eraikina aprobetxatuta. Guk egindako azterketen arabera, besteak beste, bertako antzokia handitu eta biltzen diren harmailak jarriaz, 150 lagunentzako edukiera lortu genezake eta harmailak bilduta erabilera anitzeko areto diafanoa edukiko genuke. Gure ustez, birmoldaketa batzuk eginda posible da kultur etxeko gainerako jarduerak ere baldintza hobeagotan egitea” esan zuen Arregik.

EAJk bere programan planteatutako proiektua ez dela inola ere bideragarria esan zuen Arregik: “Zestoako Udalak une honetan ez du neurri horretako inbertsio bati aurre egiteko gihar ekonomikorik, beti ere zorpetze-maila onartezin batean sartuta eta udalerrian ditugun beste beharrak alde batera utzita ez bada; txosten tekniko guztiek adierazi bezala eta kiroldegiko gimnasioa egin zenean ikusi zen bezala, horko zorupea geologikoki oso berezia da eta kiroldegiko zimentazioa eta abarrak kontutan hartuta, halako obra batek arazo tekniko izugarriak izango lituzke. Eta, azpiko aparkalekuen jabetzarekin sortuko litzatekeen arazoaz gain, egun Kultur Etxean egiten diren jarduera guztiak epe luzerako baldintzatuta geratuko lirateke (musika eskola, euskaltegia, taberna…)”.

Osinbeltz

Legealdi honetan Osinbeltz harrobiaren “lehengoratzeari” ekin diotela azaldu zuen Arregik. Gune horretan eskaladarako eremu bat egokitzeko asmoa dutela esan zuen alkategaiak, eta bide horretan, eskalada munduan dabilen herritarrekin harremanetan daudela adierazi zuen.

EAJk gune horretarako duen egitasmoa sinesgarria ez dela azpimarratu zuen, “batetik, Udaletik 2021ean eskatu genuelako harrobian eguzki-plakak jartzearen inguruko balorazio teknikoa eta orduan desegokitzat jo zelako, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen berriztagarrien LPSan ere, harrobia ez delako eguzki-energiarako leku egokitzat jotzen. Eremuaren %80an eguzki plakak jartzea debekatua legoke eta %20an soilik egokitasun ertaina aitortzen zaio”.

Kontsumoa murriztea helburu

Energiaren arloan kontsumoa murrizteari eman nahi dio garrantzia Zestoako EH Bilduk, eta horretarako energia bulegoa martxan jarriko dute, “herritarrei aholkularitza emateko, kontsumoa efizienteagoa egiteko eta kontratatutako potentziak herritarren beharretara hobeto doitzeko”. Horrek “aurrezpen esanguratsuak” ekarriko lituzkeela nabarmendu zuen,  bai energiari eta baita diruari dagokionez ere”. Energia sortzeko udalerriko “teilatu guztien” azterketa egingo dutela esan zuen Arregik, “eguzki-plaka bidez sortu daiteken energia-kopurua estimatzeko, eta, bide horri eta autokontsumo komunitarioari emango diogu lehentasuna”. Eraikin publikoetako azterketa egina dutela aipatu zuen Arregik, eta teilatu guztiak baliatuta, Zestoak kontsumo domestikoaren zati handi bat bertan ekoizteko ahalmena izango lukeela gaineratu zuen.

Herritarrek “bi ereduren artean hautatu” beharko dutela gaineratu zuen Arregik, eta herritarren botoa eskatu zuen: “Pertsonak erdigunean dituzten proiektu sinesgarri, bideragarri eta jasangarrien” alde egin nahi baduzu, emaguzu zure konfiantza, emaguzu zure botoa”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide