Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Hego Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezar dadin eskatzeko nahiz soldatak hobetzeko eta aberastasun banaketa justuago baterantz aurre egiteko, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba eguna deitu dute gaurko. Bestalde, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere bere deialdi propioa egin du, gutxieneko soldata handiago batetik harago doazen aldarrikapenekin.
Goizean goizetik nabarmena izan da grebaren eragina herrian. Piketeak kaleetan zehar eta industrialdeetan ibili dira, lanean ari ziren enpresak ixteko asmoz. Gehiengo handi bat itxita topatu duten arren, zenbaitek piketeen ondoren ixtea erabaki dute.
Zestoako Udalari dagokionez, aurrez jakinarazi zuten moduan, udaleko langileek bat egin dute grebarekin, eta ondorioz, udal instalazio eta eraikin guztiak itxita daude: udaletxea, kiroldegia, liburutegia, Kultur Etxeko bulegoak eta futbol zelaia. Denda, taberna eta enpresa ia guztiak ere itxita ageri dira.
Grebaren aldarriekin jarraituko dute bai goizean bai arratsaldean. Goizean Donostian egingo diren manifestazioetara joateko deia egin dute. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren hitzorduaren txanda izango da lehenik, izan ere, 11:00etan hasiko dute manifestazioa Boulevardetik. Sindikatuena, aldiz, 12:30ean abiatuko da Pio XII.a kaletik. Eskualdeko herrietakoek Antigua auzoko tuneletik osatuko dute zutabea, leku horretatik 11:30ean irtenda.
Arratsaldean ere mobilizazioek jarraipena izango dute. 18:30ean, elkarretaratzea egingo dute Zestoako plazan.










