Albisteak

Pilotarekin gozatzeko aukera ederra izango da asteburuan

Pilota gustuko duenarentzat izango da aukera asteburu honetan han eta hemen. Hasteko, gaur, arratsaldeko 19:00etan Herriarteko itzulerako partidak izango ditugu kiroldegian. Abantzuko eskuzko taldea Beasainen aurkako kanporaketari buelta ematen saiatuko da. Palako taldekoek, berriz, Itziarren jokatuko dute, Errenteriaren aurka, arratsaldeko 20:00etan eta momentuz daukaten abantailari eusten saiatuko dira. Larunbatean izango dituzte Abantzukoek partida gehiago. Eguerdiko 12:00etan hasita, Gipuzkoako Pilota Txapelketako final zortzirenak jokatuko dira. Nagusien bigarren mailan Abantzu taldeko Alonso, Aloñamendiko Perezen aurka lehiatuko da eta nagusien aurreneko mailan Abantzu taldeko Odriozola eta Sasian elkarren aurka.

Udalak antolatutako pilota jaialdiak

Kiroldegiko lanak bukatuta, inaugurazio ekintzei hasiera emateko, asteazkenean “Euskal pilota garai berrietara egokitzen” mahai-ingurua antolatu zen. Inaugurazioaren baitan, asteburuan bi pilota jaialdi izango dira. Aurrena, larunbatean 18:30ean izango da. Bertan Emakumezkoen Udaberriko Txapelketako Bertso Pilotaz gozatzeko aukera izango da. Alde batetik bi pilotari talde izango dira; Eguzkiloreak taldean, Naroa Agirre arroarra, Andrea Aldaregia eta Oihana Orbegozo pilotariak izango dira eta Mitxoletak taldean, berriz, Iera Iturriaga, Maite Ruiz de Larramendi eta Ane Mendiburu. Talde hauetako bakoitzak bertsolari bat izango du botilero eta lan horretaz Nerea Elustondo eta Maialen Akizu bertsolariak arduratuko dira.

Igandeko pilota partidan aldaketak izan dira Zabalaren lesioa tarteko eta Eskuz banakoaren ordez, binakakoa jokatuko da. Lehenengo partidan, Elordi eta Bikuña, Jaka eta Eskirozen aurka lehiatuko dira. Bigarrenean, berriz, Artola eta Imaz, P. Etxeberria eta Zabaletaren aurka. Azken sarrera batzuk gelditzen dira oraindik. (Harremanetarako Berdaitz Landa 634 58 34 32).




https://danbolin.eus/wp-content/uploads/2024/05/azokad_Mesa-de-trabajo-1-scaled.jpg