Albisteak

Pribilegio zuriaren inguruko solasaldia egingo dute igandean Amillubin

Argazkia: Berria / FOKU

Igandean, ekainaren 14an, egingo dute Amillubin Eskola Hazien hirugarren saioa. Oraingo honetan, pribilegio zuriaren inguruko solasaldia izango da ardatza, eta gai horrek komunitateetan, erakundeetan eta proiektuetan duen eraginaz hausnartuko dute, bereziki lurraren, lurraldearen eta agroekologiaren defentsan lanean ari diren espazioetan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, kolektibo bakoitzak bere esperientzia eta kokapenetik abiatuta esperientzia inspiratzaileak partekatuko ditu, eta pribilegio zuriaren inguruan dauden erronkak elkarrekin aztertuko dituzte. Helburua, entzutea, trukea eta ikaskuntza partekatua sustatzea izango da.

Solasaldian parte hartuko du Nontokozo Sabicek ere, Apartheid-a bizi izan zuen Hegoafrikako emakume beltzak. Gaur egun Europan bizi da, eta klima- eta gizarte-justiziaren, komunitate-bizitzaren eta Ipar-Hegoaldearen arteko adiskidetzearen aldeko lanean dihardu. Munduko hainbat lekutako mugimendu sozialekin elkarlanean aritzen da, deskolonizazio-prozesuak sustatzen, zapalkuntza-sistemak desegiteko estrategiak garatzen eta barneratutako arrazakeriaren inguruko hausnarketa bultzatzen.

Topaketa Adi, Ubuntu Gipuzkoan barrena! egitasmoaren barruan antolatu dute. Egitasmo horrek 2025-2026 ikasturtean zehar hausnarketarako, prestakuntzarako eta topaketarako espazioak sustatzen ditu, bai pertsona zurientzat bai pertsona arrazializatuentzat.

Goiza auzolanarekin hasiko dute, 09:00etan. Ondoren, 11:00etan kafe tartea egingo dute, eta 11:30ean hasiko da solasaldia. Bertan, Ubuntu Co-create, Meloia Zuritzen eta Amillubiko kideek parte hartuko dute esperientzien elkartrukean.

Saioan parte hartu nahi dutenek aurrez jakinarazteko eskatu dute, koordinazioa@amillubi.eus helbidera mezua bidalita.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide