Albisteak

Kirol eta Jarduera Fisiko Orientazio zerbitzua martxan jarri dute Zestoan

Gaur, urriak 28, hasi da zerbitzua. Osakidetzatik bideratutako herritarrak artatuko ditu asteazkenetan,  kirol orientatzaile batek osasun zentroan eta kiroldegian.

Jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruko doako aholkularitza eta orientazio pertsonalizatua eskaintzeko zerbitzua izango da. Herritarren bizimodu aktiboa eta osasuntsua sustatzea du helburu, eta pertsona bakoitzaren egoera fisikoa, beharrak, baliabideak eta lehentasunak hartuko dituzte kontuan.

Aurirz Arrizabalaga izango da orientatzailea eta Osakidetzatik bideratutako herritarrak artatuko ditu. Asteazkenero, 09:00etatik 11:00etara, osasun zentroan izango da, erabiltzaileekin lehen bilera egiteko. Ondoren, 11:00etatik 13:00etara, kiroldegian egingo die jarraipena.

Udalak azaldu duenez, zerbitzuaren helburuen artean daude pertsona inaktiboak edo sedentarioak jarduera fisikoa egitera bultzatzea eta bizimodu aktiborako urratsa egiten laguntzea. Era berean, indarra, oreka eta autonomia lantzeko beharra duten pertsonak, bakardade-egoeran egon daitezkeenak eta bizi-kalitatea hobetu nahi dutenak artatuko dituzte.

Arrizabalaga irailetik ari da zerbitzua prestatzen. Orain arte, herriko kirol-eskaintza, zerbitzuak eta aukerak identifikatzen aritu da, erabiltzaile bakoitzari bere beharretara egokitutako orientazioa eskaini ahal izateko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide