“Puerteko” Taberna eta saltokiari agurra

Iraileko lehen egunean itxi ditu ateak Aizarnako “Puerteko” saltoki eta taberna izandakoak. Izen hau  oso ezaguna da  gure bailara edo inguruetan, adinean aurrera doazenek  gehienek   ezagutu dute etxe hau,  eta bertan sartu-irten bat egin  duena ere ugari izango da seguruenik.

Egun denda bakarrik zegoen martxan, ia-ia ezinbesteko zerbitzua zen gaur egun Aizarnarako. Baina  etxe honen iraganari begiratzen badiogu, historia luze bat dauka kontatzeko. Nik ez dut dena ezagutzen baina dakidan neurrian saiatuko naiz orri honetan azaltzen.

Etxe honek artisautzan ere egiten zituen produktu batzuk  eta  ezagunena txokolatea izango zen seguruenik. Bazuen makina dotore bat txokolate tableta ugari egin zuena, “Chocolates  Aguirre” izenarekin. Aizarnan bertan ez ezik,  Azpeitian ere  oso estimatua izatera iritsi zen.Gogoan dut oraindik erakusleihoko irudia txokolate tableta dotoreekin.

Beste artisau produktu bat ere gogoan dut: kandelak egitea hain zuzen. Santu guztietan eta Aste Santu  inguruan zenbat kandela egiten zen  batek daki. Elizarako gehien bat, baina etxean ere ezinbestekoa zen edukitzea, urtean zehar motibo asko izaten baitziren kandelak   pizteko. Arrazoiak hainbat: ekaitza zenean, deboziozko Santuari, etxez-etxe ibiltzen zen Amabirjinari, ekaitza zenean… eta argindar gabeko gauak ere askotan izaten ziren.

Auzoko ogi horniketa ere etxe honek egiten zuen,  Zestoatik garraiatzeko astoa erabiltzen zuten. askotan ikusi nuen  Julian zena galtzada zaharrean gora otarrak bete-bete eginda zituela. Hau kotxeak Aizarnara iritsi aurretik, jakina, geroztik furgonetak egiten zuen lan hau.   Bide batez Zestoako lantegietara Aizarnarrak garraiatuz gainera.

Beste behar bat  eta ondo bete duena jatetxearena da. Etxe honetan  familiarteko bazkari edo ospakizun asko egin dira, erromeri ondorengo afari ugari ere bai. Beti jan goxoa prestatutako  fama zuen  Euxebi zenak eta hau nik ere baieztatu nezake.

Jatetxearen betebeharra  ondo bete zuela esan dugu, bestalde,  tabernarena ez da gutxiago izan. Batek daki  Aizarnakoak garenok zenbat ordu pasa  ditugun taberna honetan otorduak, tragoak eta  lagunarteko tertulia goxoak eginez. Tokia eta lagunartea  oso baliagarria da horretarako, baina  seguru alkoholak ere laguntzen zuela..!. Erosketak egiterakoan, berriz, zenbat hartu-eman burutuko ote zen erosleen artean, zenbat albiste berri jasotzen ote zen! Auskalo!

Esan genezake gizaldi oso bateko lanak ari garela aipatzen eta aipatu gabe  asko utziko nituen seguruenik. Urte asko dira saltoki batek bizirik irauteko eta zaila egiten da gizaldi bat bi lerrotan irudikatzea. Dena dela,  ondo merezi dutela esango dut  Ixiar eta Juan Joxek,  jubilatu ostean  bizimodu lasai batez gozatzeko.

Itxi da Puerteko, baina  nik barruan eramango dut bizi naizen bitartean, bertan  momentu eder asko igaro ditudalako  eta momentu hauek ezin dira ahaztu  ate batzuk itxi direlako. Agur bat  Puertekori”.

Amaitzeko esan behar “Puertekok”  utzi duen hutsunea orain “Konpitterokok” beteko duela eta honek ere badu historia luze bat kontatzeko, baina beste baterako utziko dugu.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide