Albisteak

San Martin festak ospatuko dituzte asteburuan zehar Lasaon

Gaur eta bihar ospatuko dira Lasaoko San Martin jaiak. Sagardo-dastaketa, pintxoak eta trikiti bingoa izango dira aurtengo lehen protagonistak, eta auzoa girotzeko prest dira lasaoarrak.

Gaur arratsaldean emango zaio hasiera ospakizunei. 20:30ean piztuko da jaien lehen sua, txupinazoarekin. Arsuaga anaiak arduratuko dira giroa berotzeaz, trikitilarien erritmoarekin batera. Handik gutxira, 21:00etan, auzoa festarako prest izango da, musika eta giro ona nagusi.

Biharkoa, berriz, auzoko txikien eguna izango da. 13:00etan, gaztetxoek hartuko dute protagonismoa: euren txupinazoa botako dute, eta buruhandiak lagun, bazkaria egingo dute ondoren. Arratsalde partean, 16:00etan, puzgarriak jarriko dira frontoian, ume eta gaztetxoentzat.

Gauean iritsiko da festetako ekintza nagusia, 20:30ean bertso afariko hitzordua izango da. Bi bertsolari handi ekarriko dituzte Lasaotarrek: Amets Arzallus eta Andoni EgaƱa. Haien ondoren, Itzeber eta Txibilter trikitilariek giroa goxatuko dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide