Albisteak

Donostia Ospitalera zuzeneko autobus zerbitzua eskatzeko sinadura bilketak martxan jarraitzen du

‘Doako parking-a denontzat’ plataformak sinadura bilketa jarri zuen martxan duela astebete pasa, Donostiako Ospitalera joateko zuzeneko autobus zerbitzua eskatzeko. Hasiera batean kalean zein tabernetan sinatzeko aukera egon bada ere, hemendik aurrera tabernetan soilik izango da posible sinatzea. Herrigunean, Potxolo dendan, Koiote tabernan eta Fati tabernan jarraituko da sinadurak biltzen. Horrez gain, Aizarnako Anbu jatetxean eta Arroabeko Txara dendan ere sinatzeko aukera egongo da.
Antolatzaileen esanetan, “partaidetza handia izaten ari da”, eta oraindik sinatzeko beste aste batzuk egongo direnez, ekimen honekin bat egiten duten guztiak animatu nahi dituzte parte hartzera.

Duela hilabete batzuk sortu zuten “Doako parking-a denontzat” izeneko plataforma, Donostiako Ospitaleko hainbat langilek, bizi duten egoera zailari erantzuteko asmoz. Haien esanetan, gero eta zailagoa da ospitale inguruan autoa aparkatzea, eta horrek ondorio larriak ditu: langile askok lanera askoz lehenago joan behar dute aparkatzeko leku bila, paziente batzuk beren kontsultak galtzen dituzte, eta senideak bisitatzera doazenek diru kopuru handiak ordaindu behar izaten dituzte ordainpeko aparkalekuaren ondorioz.

Hori horrela, Donostia Unibertsitate Ospitaleko gerentziari eta arlo horretan eskumena duten erakundeei zuzendutako ohar batean, beren haserrea adierazi dute. Azpimarratu dutenez, arazoak urte asko daramatzan arren, “Osakidetzak ez du benetako alternatibarik eskaini”.

“Ospitaleko aparkaleku nagusian protonterapia eta kanpo-kontsultetarako eraikin berriak eraikitzearen ondorioz, egoerak okerrera egin du, eta egoera horren aurrean eskainitako aukerak oso eskasak dira” adierazi dute. “Onartezina da ospitale batean aparkaleku nagusia ordainpekoa izatea, edo ezin aparkatzeagatik kontsultak galtzea, gertatu den moduan. Horregatik, salatzen dugu, alde batetik, Osakidetzak lehentasuna ematen diela enpresa pribatuen onurei, pazienteen eta langileen eskubideen gainetik. Bestetik, gatazkaren aurrean eskaintzen diren alternatibak ez direla benetakoak” salatu dute partaideek.

Plataformako kideek jakinarazi dutenez, azken hilabeteetan harremanetan jarri dira bai Lurraldebusekin, bai Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailarekin. Hala ere, ez dute inolako erantzun edo irtenbiderik jaso. Egoera honen aurrean, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako hainbat herritar elkartu dira egoera hau hobetzeko borrokan parte hartzeko. Ildo horretan, sinadura bilketa jarriko dute martxan, ospitalera zuzeneko garraio-zerbitzua eskatzeko eta aldarrikatzeko.

Aparkalekuaren arazo honen aurrean, doako aparkalekua eskatzeko sinatu daiteke esteka honen bidez.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide