Albisteak

Suku Maya, mendiaren alaba

2001eko urriaren 17an, zorigaiztoko elur-jausi batek kendu zion bizia Beñat Arrue aizarnarrari. Bere gorpua ez zen inoiz agertu, berokia eta argazki-kamara baino ez, baina

Nepalgo Suku Maya neskatoari bizitza betirako aldatuko zion argazki bat utzi zuen.

Arantxa Gurrutxaga eta Peio Arrue Beñaten gurasoek neskatoa topatu eta geroztik urtero bidaiatzen zuten bera bisitatzera. Azken bidaian, ordea, oso gaixorik topatu zuten eta Aizarnara ekarri zuten ebakuntza egin eta bizi berri bat eskaini asmotan. Semea kendu zien Pumorik, bizitzeko aukera berri bat eman zion Suku Mayari.

Duela lau urte eta erdi iritsi zen Euskal Herrira eta gaur arte ezin izan du Nepal bisitatu. Iritsi da, ordea, Sukuk hainbeste espero zuen momentua, eta otsailaren 18an edo 22an jaioterrira itzuliko da bi aste pasatzera.

Denbora asko igaro da Nepaltik iritsi zinenetik, eta ez duzu bertara itzultzeko aukerarik izan orain arte. Irrikatan egongo zara, ezta?

Bai, desiratzen nago. Otsailaren 18an edo 22an joango naiz bi asterako. Lau anai-arreba gara, bigarrena naiz ni. Zaharrena eta bere emaztea Katmandun bizi dira eta bertan elkartuko gara guztiok. Nire herria, Thamo (3.511m), oso goian dago eta hamabost egunetan ez dago denborarik gora eta behera ibiltzeko.

Arantxa eta Peiorekin zoaz, hala bakarrik?

Mikel Leizeaga legazpiarrarekin joango naiz. Hona etortzerakoan berak lagundu zidan, eta berarekin batera itzuliko naiz orain. Lagundu zidan eta orain ere berarekin joango naiz. Nepalen bizi da bera, eta gabon ostean bertara bueltatuko da.

Pentsatu al duzu zer eraman maletan?

Amarentzat arropa pixka bat, mendian goian hotz egiten du eta behar du. Lau urteko iloba txikiarentzat jostailuren bat eramango dut, han ez dago-eta, eta anaia txikiari mugikorra. Izan ere, asko ikasten bazuen eramango niola hitzeman nion. Maskarak ere eramango ditut, agian.

Zer espero duzu hara itzultzean?

Ez dakit zer aurkituko dudan, hainbeste denboran aldatuta egongo da. Anaia txikia ni baino altuago egongo da. Hamabost urte zituen azkenekoz ikusi nuenean, nik baino 4 urte gutxiago ditu berak.

Zu ere oso aldatuta bueltatuko zara!

Bai, oso ahul eta argal etorri nintzen eta kilo batzuk irabazita joango naiz. Han oso ondo ikusita dago oso argal ez egotea.

Ahul, oso gaixorik iritsi baitzinen Aizarnara…

Oso oso gaizki, bai. Beste bizitza bat izateko aukera eman didate hemen Arantxak eta Peiok. Oso gustura nago orain, mendira ere joaten naiz… Giltzurrunetako arazoa nuen eta konfinamendua amaitu zenean egin zidaten ebakuntza Bilbon. Orain bi urte egin zidaten transplantea, maskuria ere otsailean operatu zidaten. Hilero joaten naiz ospitalera, baina maskuriko ebakuntza egin aurretik askotan, hilero, egon behar izaten nuen ingresatuta infekzioagatik.

Hemeretzi urterekin iritsi zinen hona. Noiztik zeunden gaixorik?

Hamabost urterekin gaixotu nintzen, eta denborarekin okerrera egin nuen. Beñaten gurasoak urtero-urtero etortzen ziren bisita egitera urrian, baina sei urte eman zituzten etorri gabe. Nitaz ahaztu zirela uste nuen. Urria noiz iritsiko zain egoten nintzen eta “laster etorriko dira”, pentsatzen nuen. Gozokiak, puxikak, arropa… ekartzen zizkidaten; Olentzero etortzea bezala zen. Etorri ez ziren tarte horretan gaixotu nintzen ni. Hona iritsi zirenean ohean nengoen, mugitu ezinda. Katmandura eraman ninduten, baina ezin zidaten ebakuntzarik egin eta gainera oso garestia zen. Indiara joan behar nuela esan zidaten, baina ez zegoen nirekin etor zitekeen inor.

Nolakoa zen zure bizimodua Aizarnara etorri aurretik?

Iritsi aurretik oso egoera gogorrean bizi nintzen. Eskolara joateko ordu asko ibili behar izaten nuen, han goian ez zegoen autorik. Nire herrian ez dago horrelako etxerik, txabolak dira eta hotz handia egiten du; ama beti sutondoan egoten da. Burua garbitzeko ura ere sutan berotzen genuen, bestela izoztu egiten zen. Orain jendeak badauka telebista, nire familiak ez, ordea.

Lana eta eskola, eskola eta lana. Horixe zen nire egunerokoa. Hamahiru urterekin hasi nintzen lanean, mendian pisua eramaten. Mendizaleak bertara joatea niretzat eta familiarentzat oso ona da. Hango jende dirudunak ez gaitu laguntzen, eta mendizaleekin dirua lortzen dugu lana eginez. Baratzean lanean ez da gehiegi irabazten, pisua eramaten gehiago. Nik bi itzuli egiten nituen, hamabost urterekin 30kg eramaten nituen bizkarrean eta ordu bat edo bi egoten nintzen ibiltzen. Aldapatan negar egiten nuen, aitak errieta egiten zidan atzetik eta negarrez bazen ere aurrera joan behar…malko asko bota ditut. Anaia txikiak ikasi egiten du, besteok lana egin behar izaten genuen.

Goitik behera aldatu da zure bizitza.

Hemen etxean bezala sentitzen naiz, bigarren familia bat daukat. Hemengo jendea zoragarria da eta ondo egokitu naiz. Arantxa eta Peio bigarren gurasoak dira; Ane eta Jon anaia eta koinata. Ez dut gogoratzen Beñatekin nagoen argazkia noiz atera genuen, oso txikia nintzen. Benantxiok aurkitu ninduen. Argazki horrek nire bizitza aldatu du, bizitzeko beste aukera bat eman dit. Argazki horregatik ez balitz, Nepalen ez nintzen bizirik egongo. Jende askok –eskolan, esaterako– galdetzen dit ea nola iritsi naizen Euskal Herrira eta oso zaila da guzti hau azaltzea.

Zer ari zara ikasten?

Orain Azpeitian bizi naiz, bakarrik. Euskaltegian nenbilen, baina denbora faltagatik utzi egin behar izan dut. Goizetan matematika eta gaztelaniako klaseak izaten ditut Lanbidetik, eta, astelehenetik asteazkenera, arratsaldez EPA-n (Helduen Hezkuntza) izaten ditut klaseak. Egia esan, nahiago nuen AEK, talde txikia ginen, hiru bakarrik, eta oso gustura nengoen. Hemen pasatzen dut astea eta Aizarnara joaten naiz asteburutan.

Ume izateari utzi eta emakume zara, jada. Zer moduz moldatzen zara etxean bakarrik?

Enkarguak egiten, bazkaria egiten…ikasi dut. Ez zait janaria prestatzea gustatzen, baina egin egin behar. Dirua erabiltzen ere ikasi dut; hasieran zaila zen, han errupia nepaldarra erabiltzen delako eta hemen euroa. Orain nik egiten ditut erosketak eta oso gustura nago.

Janaria ere oso ezberdina izango da hemen!

Erabat ezberdina da. Aitak obran egiten du lan, amak berriz baratzeko lana. Patata eta azelga lantzen da, batez ere. Janaria bizkarrean eraman eta astebete iraun behar digu horrek, ezin zaitezke erosketak egitera joan hemen bezala. Han ez dugu animaliarik, izoztutako oilaskoa jaten dugu, baina auskalo nondik etortzen den! Hemen, berriz, oilo pila bat ditugu inguruan. Hango zein hemengo janaria dut gustuko, mahaian dagoen guztia jaten dut. Zaila egiten zait zerbait uztea.

Nola irudikatzen zenuen Nepaletik kanpoko mundua, bizimodua?

Nire Euskal Herriko gurasoak Nepalera joaten zirenean pentsatzen nuen amerikarrak zirela, ez nekien zer zen Euskal Herria. Katmandun etxe handiak eta kotxeak ikusten nituen, baina Thamon ez.

Nire herrian komunera joateko kanpora atera behar duzu, zuhaitzekin dago estalita. Bestela, komunik ez dago. Gauean joateak beldurra ematen zidan. Txikitan gurasoek sorginaren istorioak kontatzen zizkiguten eta beldurra izaten nuen kanpora irteteko.

Hizkuntza, kultura, ingurua…dena da berria. Izan al duzu beldurrik?

Beldurrik ez, baina kezka bai. Hilekoarekin kezkatuta etorri nintzen. Han bakartuta uzten zaituzte txabola batean, ezin da inor ukitu hilekoa amaitu arte. Oso gogorra da, eta pentsatzen nuen: “Beste puntara noa, nola biziko naiz han hilekoarekin?” Eta hemen, normal-normal.

Oso pentsamendu atzeratua duen herrialdea da Nepal, ezta?

Bai. Gurasoek aukeratzen dute norekin ezkontzen diren emakumeak. Orain, jendea Internetetik ere ezagutzen da, eta pixka bat aldatu da. Nire anaien emazteak, esaterako, familiak aukeratu dituzte. Ezkondutakoan, emakumeak gizonaren etxera joaten dira. Horregatik, ez dute neskarik jaiotzerik nahi izaten, nahiago dituzte mutilak. Normalean Nepalen derrigorrez ezkondu behar izaten zara. Ni han biziko banintz ezkonduta egongo nintzateke. Nire lagun batek seme bat dauka, jada.

Han pentsaera are matxistagoa dago. Aita ni txikia zela hil zen, eta amak gaizki pasatzen du egungo gizonarekin, jo egiten du… Eutsi egin behar, han ezin zaitezke banandu. Bigarren anaia orain gutxi ezkondu da, gure etxera joan da bizitzera emaztea ere eta gaizki tratatzen du ama. Etxetik joateko esaten dio, eta giltzapetu ere egin izan du.

Kontatuko al diezu nolakoa den hemengo bizimodua?

Anaia txikienei hemengo bizimoduaren berri eman nahi diet, pentsamendua irekitzen ahalegintzeko. Nik Nepalen gauza guztiak normaltzat jotzen nituen, baina orain asko ikasi dut, beste mundu bat ikusi dut. Beste kultura eta bizitza bat posible dela ikusi dut eta desiratzen nago hara iristen naizenean kontatzeko.

Oso zaila da handik hona etorri ahal izatea, ezta?

Nepalen denek nahiko lukete hona etorri, hango bizitza oso gogorra da. Anai-arrebek ere bai, baina oso zaila da. Aukera izanez gero ama ekarriko nuke. Anaiek bere bizitza egin dute, baina ama nire ondoan izatea nahiko nuke. Hemen gustura nago, baina amarekin kezkatuta nago, nola egongo ote de pentsatzen dut beti.

Ba al duzu harremanik beraiekin?

Bai, telefono txiki bat dute eta anaiarekin egunero hitz egiten dut. Gurasoekin gutxiago, ostiral edo larunbatean… asteburutan. Facebookek asko erraztu ditu gauzak anaiarekin hitz egiterako orduan, telefonoz hitz eginez gero dirua sartu behar baita.

Kopetan gorri koloreko puntutxoa daukazu. Zer esan nahi du?

Asko galdetzen dit jendeak, erlijio hinduarena da. Zazpi kolore daude guztira, denak ditut, baina gorria gustatzen zait gehien.

Kolore bakoitzak bere esanahia al du?

Hauek ez. Puntutxo honen goian jartzen denak, ordea, ezkonduta zaudela adierazten du.

Lo egiteko kendu egiten dut eta goizean berriz jarri. Hau da Nepalgo kulturatik mantendu dudan gauza bakarra. Hango arropa ere badaukat Sari-a, baina ez dut janzten, lotsa ematen dit. Ez du inork erabiltzen… Hemengo arropa ere han janzten da, galtza bakeroak eta…Oinetakoak janztea, ordea, kosta egin zait. Nire herrian sandaliekin edo hanka-hutsik ibiltzen da. Hemendik botak eta oinetakoak bidali zizkidaten, eta ibiltzea kostatzen zitzaidan hasieran. Ohitu naiz, jada. Agian alderantziz gertatuko zait orain.

Musika, telesailak…zein hizkuntzatan kontsumitzen al dituzu?

Nepaleko musika entzuten dut, baina gehiago euskarazkoak. “Ze guapa zauden” eta “Xalala riki riki” dira nire kantu gustukoenak. Trikitia ere gustatzen zait; panderoa ikasten jardun nintzen Aizarnan, baina utzi nuen.

Zein dira zure zaletasunak?

Asko gustatzen zait mendia. Aizarnak eta nire herriak badituzte antzekotasunak, mendiz inguratuta baitaude. Dantzatzea asko gustatzen zait, baina maskuriko poltsarekin ezin dut egin. Nire logelan Tik-Tok pila bat egiten ibiltzen naiz, gurasoek ikusten nautenean lotsatu egiten naiz, ordea! Musika asko gustatzen zait, mendira joateko musika entzuten dut, logelan ere bai… Informatika ere ikasi nahi izan dut, baina ez dut aukerarik izan Azpeitian. Nepalen ez nuenez, hemen asko erabiltzen dut mugikorra: Tik-Tok, Facebook, Messenger, Whatsapp… erabiltzen ditut.

Etorkizunari begira, zein da zure plana?

Ezin naiteke Nepalera itzuli, nire tratamendua dela eta. Halere, ez dakit nolakoa izango den etorkizuna. Oraindik Lanbiden matematika eta gaztelania ikasten ariko naiz martxora arte, eta EPA-n ekaina bitarte. Ez dakit gero zer izango den… Hona etorri eta euskaraz hitz egiten ikasi dut lehendabizi, gurasoek hala egiten dute eta jendearekin komunikatzeko beharrezkoa da. Lana bilatzeko gaztelania ikasten hasi naiz orain, toki askotan erdaraz egitea eskatzen dute-eta. Umeak zaintzea asko gustatzen zait, pertsona helduak ere bai, baina haurrak gehiago. Irakasle izateak ere erakartzen nau, baina horretarako hizkuntzak menperatu behar ditut, eta ondoren ikasketak egin… Pixkanaka ikusiko da.

Naiara Olaizola




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide