Treneko leihotik begira

Gurasoak agurtu berri iritsi zen trena Zumarragako geltokira. Bigarren bagoian sartu eta aulkia hartu bezain pronto bertako ordulariari egin nion so. “Preferente” hitza zuen azpian, “ze arraroa” pentsatu nuen neure baitan. Nik uste nuen Zestoako futbol taldearen izena zela, itzultzean esango diet jokalariei treneko bagoi batek izena kopiatu diela.

Trenaren kulunkak beti erlaxatu izan nau, nahiz eta orduan idazteko ez zetorkidan oso lagun. Bidaiaren gehiengoa begiak itxita izateak, gauez egin ezin izan nuen loaldia asetzeaz gain, zerbait gehiagorako ere balio izan zidan, mundu batetik bestera bidaiatzeko aukera eman zidan segundo batean, denboran zehar bidaiatzen duen tren magiko bat izango balitz bezala. Une oro mundu desberdin batean bizi naizenaren sentsazioa daukat trenez bidaiatzen dudan aldiro.

Treneko leihotik begira pentsatzen nuen lehen hain berdea zen paisaia zergatik zen bat-batean hain marroi, hain idor. Iruñean aldamenean eseri zitzaidan gizona ere begi kliska batean Lleidako emakume bat bihurtu zen. Azken egun haietan etxean sentiarazi ninduten amaigabeko euri zapar haiek ere, laino artetik ateratzen ziren eguzki izpi indartsuak bilakatu ziren. Lehenengo geldialdian trenera lo sakonean igo zen haurtxoak, bere amak eragiten dion irribarre maitagarria zuen gero.

Etxea gogorarazi zidaten mendi apurtuak ikusi nituen, bide idorretatik zihoazen mendi zaleak, noranzkorik gabeko trenak, leihoan nire aurpegi esnatu berriaren islari ere egin nion agur. Herri izandako eremu batean, etxe eroriak besterik ez ziren ikusten, norbaitek eraiki bezala, bakardadea lagun zutela jo zuten lurra. Ohartu nintzen Izarraitz ez dela mendi adeitsu bakarra, han ere badira txapela jarri eta kendu ibiltzen direnak.

Bidaia aurrera joan ahala, tenperaturak nabarmen egin zuen gorantz. Eguraldi hobeagoa egiten omen du Katalunian, kanta batek dio kolore eta gustu guztiak ez direla berdinak.

Aldameneko emakumeak ez zekien bera ezagutzea gustatuko litzaidakeela, ilea urdintzen hasia zuen eta pastazko betaurrekoez baliatuz espainolezko testu bat irakurtzeko itxurak egiten zebilen. Baina nik banekien zeharka begiratzen zebilela, bere alboko neska gazte ezezaguna zer idazten ote ari zen pentsatzen zegoela. Eta berak ez zekien ez molestatzearren bidaia osoa komunera joateko gogoz igaro nuela.

Dozenaka aurpegi berriren artean, dozenaka bizi ezezagunez inguratuta, bigarren txanda izan zen Bartzelonarantz, eta jada egin dut berriz itzulera etxerantz. Seguru bidaiari bakoitzak izango zuela zer kontatua, baina zuek nire barnean doanarekin, nire Bartzelonarekin, nire barnarekin konformatu behar. Nahiz eta oraindik ez dizuedan kontu asko esan, laster hasiko naiz lasai izan. Alboko emakumearenak kontatuko nizkizueke, baina sekretupean edukitzeko esan zidan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide