Albisteak

[TTAK!] “Ez gara ezeren alternatiba, kalitatezko hezkuntza publikoa gara herri txikietan”

Irati Manzisidor arroarrak Eskola Euskadiko Eskola Txikien elkartearen gidaritza hartu du Miren Odriozola eta Jugatx Ormaetxearekin batera. Mikel Garcia Idiakezek hirukotea elkarrizketatu du Argian:

Miren Odriozola, Irati Manzisidor eta Jugatx Ormaetxea, Euskadiko Eskola Txikien koordinazio talde berriko kideak (Argazkia: DANI BLANCO)

Pandemia dela medio, inbidiaz begiratu du askok eskola txikietara, bertako talde txiki, kanpoko espazio zabal eta landa eremuetara. Ikastetxe hauetatik ikasteko daukagunaz eta dituzten erronkez aritu gara Euskadiko Eskola Txikiekin, gidaritzan aldaketa eman dela aitzakia hartuta. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 54 ikastetxe biltzen ditu sareak eta indartsu daude: “Herri txikiak ez dira lo leku, ez dira argazki bat, bizirik dauden eremuak dira eta herriko eskola klabea da horretan”.

Bederatzi urte egin ditu Euskadiko Eskola Txikien koordinazioan Mikel Goñik, eta iritsi zenean ikastetxe batzuek beren burua eskola txikien definizioan baztertuta sentitzen zutela kontatu digu, batzuek eta besteek ezberdin ulertzen zutelako zer den eskola txikia. Urteotan, denak eroso sentituko diren definizioa lortu dutela uste du, gero eta ikasle gehiagorentzat izango den eskola eta gero eta hobeto ikasteko izango den eskola helburu: “Aniztasuna bultzatzen duen tamaina txikiko eskola publikoa da gurea, landa eremuan kokatua, eta ezaugarri horiei esker aukera ugari ematen dituena. Deskribapen horretan eskola txikien sareko parte diren guztiek beren burua identifikatuta sentitzen dutela esango nuke, eta hori inportantea da. Gero, horren baitan, bakoitzak bere norabidea markatzen du, dela teknologiaren aldeko apustua eginez, dela anti-teknologiko, dela aniztasunaren ikuspegi zabala ardatz, dela metodologia jakin bat oinarri…”.

Koordinazioa utzi duen honetan, eskola txikien sareak aukera berri asko irekitzen dituen faseari ekin diola dio Goñik, ikastetxe ugari txikitzen joango direla iruditzen zaiola, “gurera hurbiltzen”, biztanle kopurua jaisten ari dela-eta; horrek aukera emango du eskola txikien taldea handitu eta indartzeko. Aurrerantzean, gainera, koordinazioak bat ez hiru buru izango ditu, lan bolumenari erantzuteko, baina baita ere taldea, lidergo partekatua edota elkar babestea ezaugarri inportanteak direlako eskola txikietan. Koordinatzaile zelarik, Goñi ez zen ikastetxean ikasleekin zuzenean aritu, “eta horrek ez du mesede egiten, orain ikasgeletara bueltatu naizenean ikusten ari naizelako eguneroko errealitate eta joerak bestelakoak direla, horregatik koordinazioaren lekukoa hartu duten hiru kideetatik bik eskolan jarraitzea inportantea da, horrek beste sentsibilitate eta oinarri bat emango diolako koordinazio taldeari”.

Jarraitu irakurtzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide