Albisteak

Udako egitaraua prestatuko du aurten ere Udalak

Covid-19a herrian izaten ari den bilakaeraren berri eman eta datozen hilabeteetako kultur jardunari buruz hitz egiteko agerraldia egin dute gaur goizean udaletxean. Bertan izan dira Mikel Arregi Ertxin alkatea, Nerea Odriozola Kultur zinegotzia eta Aitor Salegi Gazteria, Kirol eta Jai zinegotzia.

Azken egunetako datuen inguruan aritu da aurrena alkatea. Datu horiek ikusita, astelehenean Zestoa herri gorrien zerrendan sar daitekeela adierazi du: “Astelehenera arte ezin dugu baieztatu baina itxura guztien arabera, astelehenetik aurrera Zestoa eremu gorrian egongo da”.

Festen ordez, kultur egitaraua

Herrigune zein auzoetako festen gaiari eutsi dio ondoren. Santakutzak, Ibañarrietako eta Endoiako festak iristear daude eta horiek ez direla ospatuko adierazi du alkateak. Bestalde, Amanirjin jaiei dagokienez, “gauzak dauden bezela eta gaiontzeko herrietan hartzen hasita dauden erabakiak kontutan hartuta, herriguneko jai nagusiak ospatzeko moduan ere ez garela izango” esan du. Festak ospatuko ez diren arren, eremuak egokitu eta neurri guztiak hartuta uda alderako kultur egitaraua antolatuko dutela jakinarazi du. Joan den urtean egin zuten moduan, uda aurre eta bitarteko asteetan ekitaldi ezberdinak antolatuko dituzte. Joan den urteko ekintzen balorazio “oso positiboa” egin zutela jakinarazi du alkateak eta aurten ere ekitaldi horiek antolatzeko deialdi irekia luzatuko dute.

Egitarau “orokorra eta integrala” izango dela adierazi du Arregik, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak antolatuko dituzte. Maiatzaren 5ean jarri dute ekitaldi horiek antolatzeko lehen hitzordua eta Odriozolak herritar guztiak gonbidatu ditu bertan parte hartzera: “Herritarrak hurbiltzeak daukan garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Egitaraua zenbat eta jende gehiagoren artean prestatu hobea izango da”.

Emanaldiak maiatzean

Maiatzaren 7ko asteburuan hasiko dira ekintzak. Egun horretan, joan den urtean bertan behera utzitako kontzertua eskainiko dute Thierry Biscary musikari baxenafarrak eta bere taldeak. Errealitatea eta fikzioa nahasten dituzten istorio herrikoiak izango dituzte ardatz emanaldian. Maiatzaren 9an, berriz, Uztapideren jaiotzaren urteurrena ospatzeko bertso saioa antolatu dute. Koldo Izagirre, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok eskainiko dute saioa, Uztapide plazan.

Antzerki astea

Aurten ere antzerki astea egingo dela iragarri du Arregik. Egitarauaren barruan “leku garrantzitsua” izango duela azpimarratu du. Beheko estazioan dagoen espazio bat prestatzen ari dira bertan Antzerki Asteko emanaldiak egin ahal izateko. Euskal Herri osoko plazetan antzezten ari diren ‘Atzerrian lurra garratz’ lana egokitzen ari diren antzoki horretan plazaratzea aurreikusten du alkateak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide