Albisteak

Udal Gobernuak aurkeztutako Piasperi buruzko mozioa onartu du udalbatzarrak

Sañu Bizirik taldeak zentral eolikoen proiektuen aurka posizionatzeko eskatzen dien mozioa sartu du Zestoa, Azpeiti eta Errezilgo udaletan. Atzo ezohiko udalbatzarra egin zuten Zestoan, eta bertan Sañu Bizirikek aurkeztutako mozioaren inguruan eztabaidatu zuten. EH Bildu abstenitu egin zen eta EAJk, berriz, aurka bozkatu zuen. Udal Gobernuak gaiaren inguruko mozio propioa aurkeztu zuen, eta udalbatzarrak mozio hori onartu zuen, EH Bilduren aldeko sei boto eta EAJren aurkako hiru botorekin (bi zinegotzi falta ziren).

Mozioak honako puntu hauek onartzea eskatzen du (testuaren zati bat da, osoa irakurtzeko hemen):

1.-Zestoako Udalaren eta bertan ordezkatuta dauden alderdi politikoen esanetan “Piaspe  proiektua ez da bidezkoa bertako ingurunean kalte nabarmenak eragingo dituelako, bai auzotarrengan eta baita ere ingurune naturalean”.

2.- Zestoako Udalak eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliko ditu Piaspe proiektua gauzatzea ekiditeko; bertako natura-, kultura-, ekonomia-, aisialdi-, biologia- eta geologia-ondarea babesteko asmoz.

3.- Zestoako Udalak proiektuaren eraginpeko herriei (Azpeitia eta Errezil) elkarrekin lan egitea proposatuko die; Piaspe proiektua gelditzeko beharrezkoa den lan tekniko guztia elkarrekin egiteko borondatea eta prestutasuna baitu.

4.- Zestoako Udalaren Osoko Bilkurak EAEko Gobernuari eskatzen dio bertan behera utz ditzala zentral eoliko handien instalazioari lizentziak emateko izapideak eta baimenak, harik eta EAEn egun dugun erronka energetikoari benetan helduko dion plan integral bat garatu arte. Horretarako, eskatzen du:

-Energia berriztagarrien planifikazioa, alegia, PTS berria onartu aurretik aurkeztutako zentral eolikoen tramitazioak gelditzea.

-Lurralde Plan Sektorialari moratoria ezartzea naturaren kontserbazioaren alde lanean ari diren elkarte eta profesionalen iritziak berariaz jasotzeko prozedura diseinatu arte.

-EAE mailako energia kontsumoaren eta hura murriztearen inguruko plan oso eta definitu bat diseinatzea; eta hura ardatz hartuta diseinatzea Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial berria.

Mikel Arregi alkateak hartu zuen hitza aurrena, eta gai erraza ez dela esanez hasi zuen hitzartzea. Orain dela bost hilabete “informazio handirik gabe” egindako agerralditik hona, gauzek “antzera” jarraitzen dutela esan zuen. “Duela astebete elkartu ginen Statkraft enpresakoekin eta ez zuten ia informazio berririk gaineratu. Zentral eolikorako osagaiak garraiatzeko proposatzen den bidearen inguruan geneuzkan kezken harira eman dizkiguten datuak ere ez dute errealitatearekin bat egiten” adierazi zuen.

Gai honen inguruan “etxeko lan” asko dagoelako egiteko azpimarratu zuen, bestela, zentral eolikoak eraikitzeak “zentzurik ez duela” mahaigaineratuta. Berriztagarrietan eredu jasangarriagoak badaudela aipatu zuen, eguzki energia esaterako, eta komunitate energetikoa ere sortu dela herrian. Alkatearen esanetan, Zestoako teilatu publikoen %50 energetikoki bideragarriak direla dioen azterketa ere eginda dago. Kontsumoan eragiteari dagokionean, kontsumo duinaren maila zein den ezagutu behar dela oreka horren bila joateko ere esan zuen Arregik. Sañu Biziriken mozioko hainbat puntu “geure” egiten dituztela azpimarratu zuen, “ezezkoa ezingo genioke eman, baina baiezkoa emateko ere kontraesanak ditugu”. Lurralde Plan Sektorialik gabe ez dutela proiektua onartuko ere adierazi zuen.

EAJren ikuspuntua

EAJko Garikoitz Mendizabalen arabera, Energia berriztagarrien aldeko jarrerak, “inpaktu bat” egongo dela onartzea dakar, “ezin da berriztagarrien alde egon eta proiektua bera zehaztasunez ezagutu gabe postura bat hartu” . Akoako bideak zentral eolikorako osagaiak garraiatzeko bide gisa erabiltzearen aurrean “kezka” eta “ezinegona” azaldu zuen Mendizabalek. Energia eolikoen aldekoak direla esan zuen, baina beti ere, “ingurugiroan ahalik eta inpaktu txikiena sortuta”.

Bestalde, erabaki honetan herritarrek iritzia emateko aukera izan behar dutela ere nabarmendu zuen:”Antzeko prozesuetan egiten da eta honetan ere espero dugu horrela izatea”. Startkraft enpresa Zestoara gonbidatzeko eskatu zion behin eta berriz Udal Gobernuari. (EAJren iritzia osorik hemen)

EH Bilduren mozioa

Udal Gobernuak mozio propioa aurkeztu zuen eta onartu egin zen EH Bilduren aldeko 6 botorekin eta EAJren aurkako 3rekin. Mozioan herritarrekin adostutako trantsizio energetiko baten alde egiteko beharra azpimarratzen da eta trantsizio horrek “iraunkorra, berriztagarria, justua eta inklusiboa” izan behar duela azpimarratuta. Udal Gobernuak “kontrol publikoa duen sistema energetikoa” nahi duela esan zuen, “energia prezio bidegabeak ezarriz inoiz baino irabazi handiagoak dituzten multinazionalen menpekoa” ez duela izan nahi gaineratu zuen. Eusko Jaurlaritzari Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala lehenbailehen onartu dezala eskatzen dio, ahalik eta parte hartze eta gardentasun handienarekin, eta hau onartu bitartean, tamaina handiko energia azpiegituren eraikuntzarik ez abiaraztea berma dezala. (Mozioa osorik irakurtzeko hemen)

EAJko zinegotzi Garikoitz Mendizabalek iraganeko hainbat datu eman zituen “alderdien bilakaera” azaltzeko. Lemoizko zentral nuklearra aipatu zuen, besteak beste, “80. hamarkadan herri bezala energia sortzeari ezezkoa eman genion. Orduan batzuk pentsatzen zuten energia kanpotik eta merke ekarriko genuela. Gaur badakigu hori ez dela horrela” esan zuen. Energia sortzeko “inpakturik sortzen ez duen modu bakar bat bera ere” ez dagoela esan zuen. “Zerbait sakrifikatu beharra dago. Dagoeneko mendiak elektrizitaterako poste eta kablez josita daude eta iruditzen zait onartzen ditugula”.

Mendizabalek tramitazioen aitzakian, EH Bilduri argi posizionatu gabe jarraitzen duela leporatu zion. Piaspeko parke eolikoa jartzeko, “tramitazio administratiboetan ez dago inongo arazorik” adierazi zuen, “Eolikoen Plan Sektoriala 2002tik onartuta dago”. Gure industria “elektrointentsiboa” dela eta horiei berriztagarrien bidez soilik irtenbidea emateko “mendirik gabe” geratuko ginatekeela ere adierazi zuen.

Arregik, 2002ko LPSa oso zaharkitua dagoela eta ez duela balio esan zuen. EAJk alkateari Statkraft enpresarekin bilera irekia egiteko eskaeraren aurrean, ez zuen aurrera pausurik eman, enpresak pasa den astean egindako bilera ikusita, ez daukala ezer berririk gehitzeko ikusten dela argudiatuta.

Sañu Bizirik-en kezka

Sañu Bizirik taldeko dozena bat lagun inguru bertaratu ziren atzoko hitzordura, eta kide bat baino gehiagok hartu zuten hitza. EAJk Udalari egindako eskaeraren harira, Piaspe proiektuari buruz informatzeko Statkrafteko kideren bat ekartzeko erabakia hartuko balute, iritzi kontrajarria izan dezaken eta interes ekonomikorik ez duen aditu bat ere ekartzeko eskaera egin zuen kide batek, Azpeitiko batzar informatiboa “mingarri eta iraingarria” izan zela argudiatuta. Beste hainbat kidek ere hartu zuten hitza, eta horrelako proiektuek naturaguneak gune industrial bilakatzen dituztela, atzera bueltarik gabeko lurzoruen desjabetzeak daudela, edota bioaniztasuna galtzea dakartela azaldu zuten. Proiektuaren inguruko informazio gehiago izan arte zain egoteak kezka sortzen du taldeko kideengan, eta energia sozializatzearen inguruko batere informaziorik ez dagoela mahaigaineratu ere zuten.

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide