Albisteak

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak

COVID-19aren pandemiak diru-bilketan eragingo duen beherakada dela eta, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa (UFFF) %20 murriztea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak. EAJ-PSEren gobernuak aste honetan onartu du Foru Dekretua.

Mikel Arregi Ertxin alkateak azaldu du Foru Ogasunak 2020ko aurrekontuetatik 542.000 euro kenduko dizkiola Zestoako Udalari. Erabaki hori atzera botatzeko eskatuz gutuna bidali diote Gipuzkoako 55 alkatek Jabier Larrañaga Ogasun Foru Diputatuari, horien artean Zestoako alkatea.

Gutunean, COVID-19aren krisian udalek lehen mailako erantzuna eman dutela adierazi diote Larrañagari. EAJ-PSEren gobernuak onartutako dekretua  “aldebakarrez hartutako erabakia” dela azaldu diote diputatuari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari irtenbidea adostea proposatu diote. Alkateek lau proposamen luzatu dizkiote Aldundiari: udalek dirua bueltatzeko erabakia atzera botatzea, 2020ko aurrekontuen aurreikuspenak bere horretan mantentzea, zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, UFFFren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea 2021ean hasita eta, azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioiko diru laguntza bat udaletara bideratzea COVID-19ak sortutako krisiak sorturiko gainkostuak arintzeko helburuarekin.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide