Urola Erdiko EH Bilduk, Zestoako Txoko feministak larunbaterako deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du
— 2018-12-21Urola Erdiko EH Bildutik jasotako prentsa oharra:
Elkartasuna ez da delitua, abenduaren 22an Zestoan elkartuko gara
Indarkeria matxista sufritzen duen biktima batek bizkarrean duen zama areagotzen ikusi dugu hainbat kasutan. Bere sufrimendua gutxi ez, eta instituzioek beste aldera begiratzea, justiziak babesik gabe uztea edota bere kontakizuna zalantzan jartzea dira adibideetako batzuk.
Azken hilabeteetan urrats nabarmenak egin dira egoera salagarri horiek guztiak azalarazteko, eta nola ez, herria eta herritarrak dira horren motorra. Herritarrak izan dira lehenak kalera irten eta biktimei elkartasuna adierazten; egoera salatu dute, eta bestelako gizarte eredu bat aldarrikatu dute.
Oraingoan Zestoan gertatu da, emakume bati laguntza eman dioten hainbat herritar epaitegian salatuak izan dira. Babesa adierazteagatik, elkartasunezko jarrera izateagatik. Guk argi daukagu, emakume bat babesteak ezin du delitua izan.
EH Bildutik egoera hau salatu nahi dugu, eta gure babes osoa adierazi elkartasunezko jarrera izan eta salatuak izan diren herritarrei, tartean Zestoako EH Bilduko udal ordezkari bati. Genero injustiziari eremu guztietan aurre eginaz bakarrik lortuko dugu gizarte solidario eta justuago bat. Horregatik, Zestoako Txoko Feministak, abenduaren 22, larunbaterako, Zestoako plazan 19:00etarako deitu duen elkarretaratzearekin Urola-erdiko EH Bilduk bat egiten du.
Jarri gaitezen euren oinetan
Sinesten dizugulako, elkartasunari erasorik ez
Urola Erdiko EHBildu
Egin zaitez bazkide